HAMAIKA
Elkarrizketa

Unai Hualde: "Nafarroako burujabetza mailan hobetzeko tarte handia dago"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Legealdiko tonua “ona” izan dela adierazi du, eta ika mikak "baztertu" egin direla nabarmendu du: “Akordio zabalen hilabeteak ikusi ditugu, eta horrek ematen dio indarra parlamentuari".

Zentzu horretan, azpimarratu du Navarra Sumak ez duela erakutsi beste taldeekin adostasunak lortzeko gaitasunik, baina jarrera hori “apaldu” egin dela egoeraren eraginez. Era berean, euskara, “zoritxarrez”, “arma politikorako tresna” gisa erabili izan dutela dio, eta nabarmendu du Navarra Sumaren jarrerak “ausardia gehiagoz jokatzeko” bidea mozten diola PSNri.

Alderdien arteko harremanak hizpide, "desberdinen arteko gobernua izanik, oinarrizko akordio programatiko bat errespetatzen ez denean tentsioak sortzen" direla azpimarratu du, eta horiek "berbideratu" egin behar direla.

Nafarroako autogobernuari dagokionez, azpimarratu du Nafarroako burujabetza mailan "hobetzeko tarte handia" dagoela, eta salatu du ez dela “jasangarria” Estatuak behin eta berirro Parlamentutik ateratzen diren legeei errekurtsoak jartzea. Zentzu horretan, "nagargarritzat" jo du 40 urte eta gero oraindik ere transferentzia guztiak ezin burutu ahal izatea.

Nafarroako Parlamentuaren datozen hilabeteetako lanari dagokionez, Europako Funtsak izan ditu hizpide, eta baita Nafarroako Berreraikuntza Plana ere: “Hori garatzeko lege neurriak hartu beharko dira, eta Gobernuaren kudeaketaren kontrola ere egin beharko da”, azaldu du.

Hurrengo belaunaldiei gertatzen dena transmititzea garrantzitsua dela adierazi du Hualdek, eta zentzu horretan, nabarmendu dute pandemia honetan gertatu dena transmititzeko berebiziko garrantzia izango duela Nafarroako Parlamentuak.

Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.