2021 EKA. 10 - 14:11h Izar Hernando: "Lakuak gure aurka eskatu du lehen aldiz gorroto delitu gisa ikertzeko" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Izar Hernando Ernai gazte antolakundeko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Basaurin izandako eraso homofoboaz hitz egiten hasi gara, eta nabarmendu du "nazkaz" eta "kezkaz" jaso dutela albistea, baina "ez harriduraz"; izan ere, adierazi du "normatik ateratzen dena mehatxu gisa irakurtzen dela sistema honetan". Hori horrela, eraso horiek ere "materialak" direla nabarmendu du, eta borroka feministaren aurkako erreakzioa ugaritzen ari dela azpimarratu du: "Borroka feminista handitu den heinean, horren aurkako erreakzioa etorri da; erreakzio ultraeskuina eta matxista egituratzen ari da Espainiako Estatuan". Hori horrela, adierazi du ezkerrak "erantzukizun" handia duela pertsona hauen "unibertsaltasuna aldarrikatzeko, eta intersekzionalitateari begiratzeko". Pandemiaren kudeaketa hizpide, erantzukizuna bereziki instituzioek dutela dio, "beren ardura delako neurri eraginkorrak eta koherenteak aplikatzea". Hori horrela, salatu du "fokua gazteengan jartzea arreta desbideratzeko modua" izan dela. Pandemiak gazteen egoera larriago dutela nabarmendu du, eta azpimarratu du sistema hau ez dela "jasangarria". Horri horrela, sistema osoa iraultzen ez den bitartean, sistema honek kapitalaren mesedetan jarraituko duela nabarmendu du. Hain zuzen, adierazi du hiru gaztetik bat langabezian dagoela, eta Hego Euskal Herrian 16.000 gazte inguru daudela langabezian. Horrez gain, gazteak prekarizazio prozesu "oso basatia" jasaten ari direla adierazi du, eta estrategia horrek sistemarentzat "eskulan merke" izatera bideratzen dituela: "Horri buelta eman behar zaio". Emantzipazioaren gaia "dramatikoa" dela nabarmendu du, "bizi proiektu propio bat garatzeko lehenengo atea delako, eta ate hori askok eta askok itxita daukatelako". Ertzaintzaren jarrera izan du hizpide Hernandok, eta nabarmendu du azkenaldian Ertzaintzak jo puntuan jarri duela gazte antolakundea: "Horrek erakusten du Ertzaintzak izan zuen jarrera desproportzionatua". Hain zuzen, gazte antolakundearen jarduna gorroto delitu gisa ikertzeko erabakiari ez diote bide juridikorik ikusten, "inork ez duelako hemen gorroto deliturik ikusten, eta Ertzaintza ez delako sektore zaurgarri bat". Hori horrela, Ernaitik harago, "ezker independentismoaren aurkako kanpaina mediatiko eta politikoaren baitan" ikusten dute salaketa. "Oso arriskutsutzat" jo du Ertzaintzaren barneko hainbat sektore "ultraeskuin" hartzen ari diren indarra, eta ezinbestekotzat jo du Ertzaintzaren ereduaren inguruan hausnartzea. Gasteizen inauguratutako Biktimen Memoriala hizpide, azaldu du Euskal Herriko "gatazkak ertz asko" izan dituela, eta gehitu du "ertz horiei ahotsik jartzen ez zaien bitartean, ez dela konponbiderik izango". Hori horrela, azaldu du sistemak "tresneria osoa" jarri duela martxan "errelatoaren batailan", eta adierazi du horri herrigintzatik egin behar zaiola aurre. Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.