HAMAIKA

Nikolas Blain: "Emaitza biziki onak lortu ditugu nahiz eta abstentzioak gora egin"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Nikolas Blain EH Baiko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hauteskunde departamentalak hizpide, balorazio positiboa egin du: "Ez da lan erraza izan, baina pozik gaude hauteskundeetako emaitzekin". Zentzu horretan, nabarmendu du 3.000 boto baino gehiago lortu dituztela abstentzioak gora egin duen arren.


Blainek azpimarratu du segitu behar dutela jendeak dituen erronkei, arrangurei erantzuten, eta ohartarazten jendeari karrikako lanaz gain, instituzioetatik ere "tiratu" behar dela. Era berean, nabarmendu du zentro eskuinaren gaineko alternatiba direla: "Ezkerreko abertzale gisa, guk dugu ordezkatzen dugu eskuinari alternatiba; horretan sakondu behar dugu". Zentzu horretan, adierazi du alternatiban sakontzen jarraitu behar dutela: "Alderdi sozialistaren barruan bada jende jakobinoa, kasik antiabertzalea, oztopatu duena orain arte frantses ezkerreko mugimenduarekin bat egitea".

Pauera joatearen garrantzia nabarmendu du Blainek: "Gure alternatibak plazaratzeko bereziki interesgarria da bi auzapez Pauen izatea; deszentralizazio fase barri bat ireki ahalko genuke Euskal Elkargotik". Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako aktualitatea izan du hizpide, eta, besteak beste, AHTaz mintzatu da: "Ez dugu diru publiko gehiagorik xahutuko AHT berri bat eraikitzeko". Aktualitatearen erdigunean ezarri duten etxebizitzaren problematika ere izan du hizpide: "Merkatu libreak eragiten duen egoera soportaezina da; kostaldetik kanpo, edo are, Ipar Euskal Herritik kanpo bizitzera kondenatuak daude gazteak eta ez hain gazteak". Hain zuzen, etxebizitzaren aldeko kanpaina beren lehentasunen artean kokatu du Nikolasek: "Nahi dugu frente zabal bat sortu eragiteko eta lege aldaketak lortzeko etxebizitzaren arazoari aurre egiteko". Etxebizitzaren problematikak zerikusi handia du turismoaren gorakadarekin, eta azpimarratu du gaur egun garatzen den "masa turismoari mugak jarri behar direla". 

Euskararen aurkako erasoak ere izan ditu hizpide Blainek: "Ez genuen euskararen aurkako horrelako eraso antolaturik ezagutu; erantzun antolatu bat behar da". Era berean, "sostengu osoa" adierazi die ikasle eta irakasleei, eta pauso bat gehiago emateko prest daudela azaldu du: "Prest gara, sostengurik harago, desobedientzia ariketa horietan ere parte hartzeko", nabarmendu du Uztaritzeko auzapezak.

 

Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean.