2021 IRA. 15 - 14:00h Mikel Otero: "Enpresa elektrikoen adierazpenak txantaia dira" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Espainiako Gobernuak argindarraren prezioa mugatzeko hainbat neurri iragarri ondoren, enpresa elektrikoek erantzun zuten zentral nuklearrak itxiko dituztela. Oterok "txantaiatzat" jo du hori, eta horrez gain, nabarmendu du erakusten dutela "zein harreman dagoen botere publikoaren eta enpresa pribatuaren artean". Adierazi du edozein gobernuri "hordagoak botatzeko" gaitasuna dutela, eta, are, adierazpenak berak ere ez ditu onargarritzat jo, "sistema elektrikoa segurtesunarekin lotuta dagoelako, eta nolabait sasiboikot bat proposatzen ari direlako". Sanchezek iragarritako neurriak "bide onetik" doazela adierazi du, baina oraindik ere "gauza asko" egin daitezkeela nabarmendu du. Besteak beste, energia berriztagarrien aldeko apustu "azkar" eta "garbia" egin behar dela dio, eta lizitazioak bukatzen diren heinean, enpresa elektrikoak "publifikatzeko" urratsak eman behar direla adierazi du. Europako funtsetatik AHTra bideratutako diru kopurua izan du hizpide, eta adierazi du azken urteetako inbertsioak erabat desorekatuak izan dira abiadura handikoaren eta ez handikoaren artean. Hala ere, nabarmendu du "trantsizio aukera" gehiago daudela, eta Gobernuak oraindik "garaiz" daudela inbertsio horiek "norabide zuzenean" egiteko. Era berean, Petronor enpresaz mintzatu da, eta nabarmendu du enpresak berak duela arazoa: "Badaki hamarkada gutxitara bere jarduera erabat moldatu beharko duela, Petronor bezalako enpresa isurtzaileak ez duelako lekurik trantsizio ekologikoan". Zentzu horretan, Petronorrek hidrogenoarekin egin duen apustua "gaindimentsionatuta" dagoela adierazi du, eta ohartarazi du diru publikoaren "xahutzea" ekar dezakeela enpresa hori salbatzeak. Zaldibarko hondamendiaz mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkidea, eta enpresaren eta familien arteko akordioari "errespetu osoa" helarazio dio. Hala ere, nabarmendu du auzi horretan kontu asko daudela irekita orandik: "Deigarria egiten zaigu lan segurtasunaren aurkako delitu bat egonik, fiskaltzaren eskaerak hain txikiak izatea". Adierazi du momentuz enpresa dela epaitua izaten ari dena, baina epaitegiek zer bide egiten duten itxaron beharko dela nabarmendu du: "Hemen erantzule pribatuak bakarrik daudela esatea ez zait egokia iruditzen". Autogobernu ponentzia hizpide, nabarmendu du estatus berriaren auzia "erresoluzio fasean" sartu behar dela: "Atzerapen gehiegi izan ditugu". Hori horrela, estatus berri horrek "gutxienez" erabakitze eskubidea, nazio aitortza, eskubide sozialen bermea barnebildu behar dituela adierazi du, eta horrez gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adosten denaren gaineko "berme sistema" ezarri behar dela azpimarratu du, eta ez "menpekotasun harreman" bat: "Bide hori egiten badugu, akordioak egiteko prest egongo gara". Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.