2021 URR. 06 - 14:57h CCOO: 'Gure betiko eredua aplikatu dugu Tubacexen, negoziatzen saiatuz eta greba eginez' Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Alfonso Rios CCOO sindikatu lan osasun arloko arduraduna elkarrizketatu dugu gaur "Gurean Gaur" Magazinean. Hainbat gai jorratu dituzte, tartean, lan gatazkak, pentsio eta lan erreformak eta lan osasuna, besteak beste. Tubacexen gertatu denarekin lotuta, langileen arteko batasuna eta Aiaraldearen etorkizuna bermatu dela azaldu du. CCOO sindikatuaren aldetik, betiko eredua aplikatu dutela azpimarratu du, negoziatzen saiatuz eta greba eginez. Bestalde, ekonomiaren susperraldia baieztatzen dute agintariek, langabezia datuek hobera egin bait dute azken hilabetean. Hala ere, kinka larrian jarraitzen dute zenbait sektorek; irtenbide gisa zera proposatu du Alfonsok: "Enplegua sortzeko etorkizunerako plan industrial gehiago behar ditugu". Espetxeetan ere aldaketa emango da aurki, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratuta. CCOO sindikatuak ez du Eusko Jaurlaritzak langileen baldintzei buruz egindako akordioa babestu: "Eusko Jaurlaritzak ez du langileekin eta enpresa batzordearekin hitz egiten zein motatako espetxe eredua nahi duen" azaldu du. Horrez gain, publikotasunaren eta zaintzaren garrantzia ere azpimarratu du elkarrizketan: "Diruaren zati handi bat ez du zaintzarekin lotura, enpresa pribatu baten etekinekin du zer ikusia" gehitu du publikotasunari garrantzia emanez. Bestalde, ERTEen luzapena onartu da otsailaren amaiera arte. Hego Euskal Herrian, oraindik 12.500 behargin daude egoera horretan: "Erteak enplegua mantentzeko tresna izan dira zailtasunak dituzten enpresetan". Argindarraren prezioak ere marka guztiak hautsi ditu irailean. Oligopolio elektrikoaren aurrean, energia merkatuaren eta elektrizitatearen kudeaketa enpresa publiko baten bidez egin beharko litzatekeela adierazi du Alfonsok. Bukatzeko, lan istripuen gaiari heldu diote. Izan ere, hildakoen zerrenda luzatzen doa hilabetetik hilabetera; behin eta berriro errepikatzen dira istripu berberak lanbide jakin batzuetan. Urte honetan gutxienez 48 behargin hil dira Hego Euskal Herrian. "Lan istripuei lotuta, arlo batzuetan gertatzen ari dena izugarria da; segurtasuna, prebentzio neurriak eta antolakuntza sindikala indartu behar dira" gehitu du. hamaika.eus atarian aurki dezakezu elkarrizketa osoa entzungai.