2021 AZA. 29 - 14:17h Garbiñe Aranburu, LAB sindikatua: "Oso garrantzitsua da abenduaren 1ean kalera ateratzea" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hainbat gai landu ditugu, besteak beste, ziklo mobilizatzaile berria, ELA eta LABen arteko harremana, euskal Estatua sortzearen beharra eta Madriletik datozen erreformak. Gehiengo sindikalak deituta, asteazkenean, abenduaren 1ean manifestazioak izango dira Euskal Herriko hiri eta herrietan. "Euskal bide soberanista elikatzeko mobilizazio ziklo bat elikatu dugu. Oso garrantzitsua da abenduaren 1ean kalera ateratzea” azpimarratu du Garbiñek. Berebat, eurekin alderatuta, ELAk greba orokorrari izaera desberdina eman diotela nabarmendu du. Hala, beraiek, euren aldetik, mobilizazio zikloak elikatzen eta borroka sindikala eta soziala pizten jarraituko dutela azaldu du, "Euskal Estatua aldarrikatu ez ezik, hau berau eraikitzeko urratsak eman behar dira". Txanponaren beste aldean aldiz, Confebaskeko presidentea den Eduardo Zubiaurrek dio Tubacex bezalako grebek kalte egiten diotela herriari; edota greba orokorrerako beharrik ez dagoela. "Jaurlaritzako ordezkariak etengabe ikusten ditugu enpresari eta patronalaren interesak defendatzen. Aldiz, inoiz ez ditugu ikusten langileak defendatzen" erantzun du Garbiñek, "patronalarentzat inoiz ez da grebarako momentua, eurentzat inoiz ez da momentua langileen aldarrikapenak mahai gainean jartzeko". Aurrekontuak, digitalizazioa eta lan alorrean dauden erronkak ere hartu dituzte hizpide. Ikusi elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.