2022 URT. 10 - 14:22h Bego Atxa: "Urtarrilaren 8ko mobilizazioen balorazioa oso positiboa da" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Bego Atxa Sare herritarraren bozeramalea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Osasun egoera dela eta, urtarrilaren 8ko mobilizazioak herrietan egin dira aurten, 'Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean' lelopean. Mobilizazioen balorazio oso positiboa egin du, eta "salbuespenezko espetxe politikarekin bukatzeko urtea izan dadila 2022a" azpimarratu du. Hilabete honetan bertan kaleratuko du Sarek txosten bat, azken hamarkadetako espetxe politika aztertzeko eta etorkizunera begira gelditzen diren urratsak nabarmentzeko. Atxak azaldu duenez, gehiengo politikoarekin eta sindikalarekin "elkarlana" izango da helburuak betetzeko bidea. Legedia arrunta betetzea eskatu dute berriro ere; besteak beste, euskal preso guztiak Euskal Herrian egotea, gaixo dauden presoak etxean egotea eta gradu progresiboak ahalbidetzea. Gaur gaurkoz, "blokeo" egoera batean daudela adierazi du Sareko bozeramaleak, Entzutegi Nazionala da oztopo nagusia. Egoera iraultzeko, "lanean jarraitu" behar dela nabarmendu du. Motxiladun umeen egoera ere ekarri du gogora Atxak; urtarrilaren amaieran hiru urte beteko ditu Izadik. Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga Izadiren gurasoak Euskal Herrira ekarriko dituztela azaldu du Atxak, eta aitari hirugarren gradua emango diotela; "Izadik hiru urte betetzen dituenerako, aitarekin egongo dela aurreikusten dugu". Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian ikusgai.