2022 URT. 24 - 14:34h Miren Basaras: "Momentu honetan nahiko egonkor gaude, baina, COVID kasu askorekin" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Miren Basaras mikrobiologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. COVID-19aren pandemia, honen aldaerak eta neurriak hartu ditugu hizpide, besteak beste. Hego Euskal Herrian kutsatzeen aldetik beherakada ematen ari den arren, ospitaleetako egoera zein den aztertu behar dela azpimarratu du; eta, momentuz, jaitsiera ez dagoela azaldu du Basarasek. Omicronen gaineko mezu positiboegiak zuhurtziaz hartuko lituzke mikrobiologoak, eta sintoma arinen eta txertaketaren arteko harremana nabarmendu du. Neurriak altxatzeari buruz, "ospitaleen presioa dela eta hainbat kirurgia bertan behera" daudela gogorarazi du, baita zita presentzialak ez direla berreskuratu; dioenez, horiexek berreskuratu arte egon beharko lirateke indarrean osasun neurriak. Hirugarren dosia "bereziki zaurgarriak direnentzat" gomendatzen du; nabarmendu du, hala ere, "edozein pertsonari" indartzen dizkiola defentsak koronabirusaren aurrean. Baina bi dosiak hartu eta kutsatu direnen kasuan, "suposatzen da bere defentsak indartu egin direla", beraz, zaurgarria ez bada, ez luke hirugarren dosiaren alde egingo. Laugarren dosia txertatzeari buruz, zaurgarrienei gomendatzen die soilik. Ez populazio osoari, "neke inmunologikoa" dela eta, "gure defentsen kontra" joan daitekeelako. Aldez aurretik ikertu beharko litzateke mesedegarria izango litzatekeen pertsona bakoitzarentzat. Etorkizunari begira, "agian negu guztietan txerto bat" hartu beharko dugula aurreikusi du. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.