2022 URT. 26 - 14:20h Agus Hernan, Foro Soziala: "Estatuko biktimen diskriminazioari aurre egiteko unea da" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Agus Hernan Foro Sozialeko kidea izan dugu gaur Hamaika Telebistan. Azaldu duenez, biktimek tratamendu bertsua izatetik urrun gaude oraindik, “ez da soilik erakunde edo alderdi politikoek duten jarrera, gizartean ikusten da, biktimez hitz egiten dugunean askok ETAko biktimengan pentsatzen dute eta ez Estatuko biktimengan”. Ildo beretik, Estatuko biktimen diskriminazioari aurre egiteko unea dela azpimarratu du. Estatuko biktimak diskriminatuta eta bigarren maila batean sentitzen direla azaldu du Hernanek, eta konponbide gisa, Estatuko biktimen argitu gabeko kasuak agenda politikoan sartu behar direla nabarmendu du. Foro Sozialetik 'Ustekabean, topo' ekimena jarri dute martxan memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko asmoz; arazoak identifikatu, proposamenak entzun eta adostasunak eraikitzeko. Bestalde, azken egunotan ere lerroburuak bete ditu Rodolfo Martin Villa komisario ohiak, ironikoki egindako adierazpenengatik; esanez, bera izan zitekeela heriotzen erantzule politiko eta penala martxoaren 3ko eta eta 1978ko San Ferminetako hilketetan, bere errugabetasuna azaldu nahiean. “Halako adierazpenak onartezinak dira, gaur egun asko sufritu duten biktimei begira”. "Estatuak beti izan du egiten duena babesteko joera" gehitu du. Bukatzeko, kultura demokratiko bat sortzeko gatazkak hitz egiten konpondu behar direla nabarmendu du eta ez biolentziarekin, bestela, oso zaila litzatekeela bizikidetza demokratiko bat sortzea. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.