HAMAIKA

Eneko Anduenza: "Hezkuntzan euskara ez da ardatz bakarra izan behar, ardatz gehiago daude"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia izan dugu Hamaika Telebistan.

Hezkuntza Legeari dagokionez, eztabaidatzeko epea luzatu egin da, izan ere, momentu honetan akordio zabalik ez dago; EAJ eta EH Bilduren artean bada nolabaiteko adostasun bat baina ez PSE eta EAJren artekorik. Anduezak azaldu du "adostasuna bazegoela", baina batzordeko presidenteak hortik kanpo idatzi zuela testua. Beraz, orain "adostasun bat" lortu behar dela azaldu du.

Euskara ardatz izatearekin ez daudela ados adierazi du PSE-EEk. Anduezak, azaldu du beraiek ez dutela ezer euskararen kontra, baina ez litzatekeela ardatz bakarra izan behar, ardatz gehiago daudela. Horrez gain, azaldu du, hizkuntza ez litzatekeela izan beharko gerra bat sortzen duen gauza bat, batzen gaituena baizik.

EAJrekin harremanak ukituta ez daudela berretsi du Anduezak, "baina bakoitzak pentsatzen duena espresatzea oso sanoa" dela dio, Hezkuntza Itunean izandako desadostasunen harira.

Udal eta Foru hauteskundeei begira EAJ izango ote duen lehentasunezko bazkide galdetzean, Anduezak dio "ondo doazen gauzak errepikatzea ondo" dagoela. Erakundeei "egonkortasuna" ematea da PSE-EEren nahia, Anduezaren hitzetan, "elkarbizikidetza" ardatz ere izango dute; "hortik abiatuta, PSE-EE prest egongo da koalizioak egiteko". Dena den, EAJri galdera egitea "oso interesgarria" izango litzatekeela dio; PSE-EE izango ote duen lehentasunezko bazkide edo beste alderdi batzuek izateko aukera zabalik ote duen jakiteko.

Izan ere, Estatus berriaren eztabaida ireki du berriro Iñigo Urkullu lehendakariak. Anduezak dio ez dakiela "zein izan daitekeen EAJren nahia" horri heltzeko; baina "arriskua" hor dagoela, eta erabakitzeko eskubidea "subiranismoari bidea irekitzeko baldin bada" sozialistak ez direla hor egongo azpimarratu du.

Madrilgo politikari begira, PPren baitan emandako gatazka "kezkaz" bizi duela azaldu du; "ezkerran ez dagoelako beste alternatibarik alderdi sozialista baino", eta VOXen gorakada "demokraziarako arriskua" izango litzatekeela gaineratu du. Sanchezek "lidergo sendoa" duela esan du, "unitatea" mantentzen duela; "Espainiako alderdi sozialista ondo badoa, Euskadiko alderdi sozialista ondo joaten da", azaldu du.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.