2022 IRA. 05 - 13:43h Agus Hernan, Foro Soziala: "Erresoluzio markoa definitzen ari da hemen" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Espetxe zaintzak iragarritako euskal presoen gerturatzeak izan ditu hizpide. Sanchezen Gobernuaren aldetik Zenbait sektoreetatik “zarata” sortu nahi izan duten arren, Euskal Herriko eta Madrilgo markoak desberdinak direla aipatu du, gurean errelatoaren bataila gaindituta dagoelako gizarte zibilean zein maila politikoan ere. Izan ere, dio erresoluzio markoa definitzen ari dela hemen, eta nabarmendu du espero dutela urtea amaitu baino lehen euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan egotea. Hori horrela, azpimarratu du beste fase batean sartuko dela preso bakoitzaren birgizarteatze prozesua. Bien bitartean, gradu aldaketak eta baimenak gauzatzeko orduan korapiloa Audientzia Nazionalean baino, “Audientzia Nazionaleko sektore eta epaile jakin batzuetan” dagoela nabarmendu du, “egoera aldatzen” ari delako. Foro Sozialeko bozeramaileak Estatuko biktimen justizia, egia eta erreparaziorako eskubidea aldarrikatu du, eta horiek “bermatu” behar zaiela adierazi du. Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua “etsigarritzat” jo duten arren, aldaketak egiteko tartea badagoela azaldu du. Izan ere, aurreproiektuaren arabera dokumentu klasifikatuak publiko egiteko 50 urtera arteko epeak aurreikusten dira, “Europako estandarretatik at”, gaineratu du. Gasteizko Memorialak Manzanas eta Perreten urteurrenean argitaratutako informazioari dagokionean, “ulergaitza” egiten zaiola adierazi du, eta oraindik Memorialeko zuzendaritzatik erantzunik jaso ez dutela azaldu du. Memoria Demokratikorako Legea indarrean, Ezkaba, La Cumbre edo Gernika bezalakoak memoria gune bilakatzeak “erreparazioa” ekarriko duela azpimarratu du. Leku horietan zer gertatu den jakitea ahalbidetuko da, eta nahiz eta zenbait aktoreentzat “ez den nahikoa”, baina “urrats bat” dela dio. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.