HAMAIKA

Arkaitz Antizar, [CCOO]: "EAEko langileen %68k eguneratu gabe ditu lan baldintzak"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Arkaitz Antizar CCOOko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Inflazio tasa izan du hizpide, eta nabarmendu du langileek ez dutela “pesimismoan” erori behar; kontrara, mobilizatzeko eta antolatzeko garaia dela nabarmendu du.

Horrez gain, adierazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileen %68k eguneratu gabe dituela beren lan baldintzak, eta salatu du horrek inpaktu “zuzena” duela langileen eros ahalmenean. KPIa bermatzeko mobilizazioa eta borroka sindikala beharrezkotzat jo ditu; nolanahi ere, nabarmendu du KPIak ez duela zertan soldatetan zuzenean islatu: “Errebisio klausulak ere ezar daitezke, eta horretarako, sektore bakoitza aztertu behar da”.

Era berean, Antizarrek nabarmendu du gerra ekonomia betean dagoela mundu osoa, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak ezin duela beste aldera begiratu. Zentzu horretan, azpimarratu du espero duela Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza lanak egitea Arabako metalgintzaren sektorean, herrialde horretan 2017tik iraungita dagoen hitzarmen kolektiboa lor dezaten.

Errenta paktua ere izan du hizpide, eta adierazi du garrantzitsuena errenta paktu horren edukiak direla: “Inpresioa daukagu asko hitz egiten dela errenta paktuaz, baina ez dela eztabaidatzen edukiaz; guk eztabaida horretan sartu nahi dugu". Zentzu horretan, adierazi du errenta paktu horrek hiru ardatz nagusi izan behar dituela: soldaten eguneratzea KPIAren arabera, energia kostuen, hidrokarburoen eta elikagaien kostuen mugatzea eta zerga sistema justua eta progresiboagoa. Azken batean, sakoneko neurriak hartu behar direla azpimarratu du: “Eredu ekonomikoa guztiz aldatu behar da”.

Azken asteetan gertatutako lan istripu hilgarriez galdetuta, salatu du enpresa askok ez dutela Lan Arriskuen Prebentziorako Legea betetzen kostuak murrizteko. Horrez gain, oso garrantzitsutzat jo du Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen rola lan istripu horiek ekiditeko.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.