2022 IRA. 19 - 14:06h Maddi Etxeberria, dietista: "Ezin dugu hankarik sartu hurrengo belaunaldiekiko transmisioan" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Maddi Etxeberria dietista eta nutrizionista elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere hitzetan, oinarrizko saski batek frutak, barazkiak, lekaleak eta fruitu lehorrak eduki beharko lituzke ezinbestean.Bere iritziz, hezkuntza nutrizionala falta da jendartean: "Ez dakigu elikatzen, eta pertsona guztien elikadura optimoa ere ez da berdina". Bere esanetan, gomendio orokor batzuk eman baldin badaitezke ere, kontuz ibili behar da orokorkeriekin, eta “pertsonalizatu” egin behar dira gomendio horiek.Zentzu horretan, adierazi du helburua ez dela egunerokotasunetik jaki ultraprozesatuak ezabatzea: “Ezabatzen dugunak baino garrantzia handiagoa du sartzen dugunak”. Hori horrela, adierazi du sinesmen asko oso iltzatuta daudela herritarren artean; horren aurrean, nabarmendu du lanketa pertsonalak behar direla norberak bakoitzaren sinesmenak deseraikitzeko, baina baita kolektiboak ere, sinesmen horiek kolektiboak direlako. Zentzu horretan, fokua hurrengo belaunaldiekiko transmisioan jarri du Etxeberriak: “Ezin dugu hankarik sartu”.Elikadura nahasmendua izan du hizpide, eta adierazi du sakonean dagoen arazoa kontrola dela: “Gure bizitzako arlo asko gure kontroletik kanpo daudenez, elikadura kontrolatzen dugu”. Zentzu horretan, azpimarratu du kontuz ibili behar dela mezuekin: “Mezuen gaineko kontzientzia hartzen ari gara, baina ez gara kontziente zeharka transmititzen ditugun mezu subliminal horiez; horiek ere min handia egiten dute”.Era berean, adierazi du emakumeen hipersexualizazioak eragin zuzena duela gorputzarekin kultoarekin, eta, ondorioz, baita elikadurarekin ere. Hori horrela, gizarte eta sistema lodifobikoan bizi garela nabarmendu du, eta garrantzitsutzat jo du mugimendu feministak gai hau erdigunean jartzea.“Lotsagarritzat” jo du osasungintza publikoko nutrizionisten presentzia, eta horrek klase banaketa eragiten duela ohartarazi du; izan ere, dirua duenak kontsulta pribatuetara jotzen du, eta klase baxuko jendea hezkuntza nutrizional gabe gelditzen dela nabarmendu du. Hezkuntza nutrizionalaz gain, hezkuntza emozionala falta dela adierazi du, eta argi ikusten du bien arteko lotura: “Gorputzera begira bizi gara, baina ez gara gorputzetik bizi”. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.