2022 AZA. 14 - 14:09h Oihana San Vicente, Sortu: "Komunitatea batzeko gaitasuna duen ezker independentismoa daukagu" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Oihana San Vicente Sortuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. EH Bilduk larunbatean deitutako mobilizazioa izan du hizpide, eta nabarmendu du “oso-oso pozik” daudela Bilbon bizitakoarekin: “Bertan bizi izan genuen ilusioa, alaitasuna, indarra… independentziarako indarra eta energia sumatzen zen, eta hori oso garrantzitsua da”. Horrez gain, azpimarratu du ezker independentismoak “proposamen egingarriak” egiteko gaitasunaz gain, komunitate batzeko gaitasuna ere baduela. Zentzu horretan, nabarmendu du burujabetza hitza asko erabiltzen ez bada ere, burujabetzaren aldarria presente dagoela Euskal Herriko hiri eta kaleetan: “Herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko burujabetza esparru gehiago behar ditugu, baina esparru ezberdinetan (energian, elikaduran…) burujabetza maila ezberdinak eskatzen ari gara”. Sedizio delitua Espainiako Kode Penaletik kendu izana “positiboa” bada ere, azpimarratu du Espainiako zein Frantziako estatuek gatazka politikoei “demokratikoki” konpondu behar dituela: “Estatuei dei egiten diegu beren baitan dituzten gatazka politikoei modu elkarrizketatuan eta adostuen bidez konponbidea eman diezaieten”. Barrionuevok GALen inguruan egindako adierazpenak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du ezker abertzaleak ariketa “zintzoa” egin duela azken urteetako “sufrimenduaren biktima guztiak aitortzeko eta elkarbizitzarako urratsak emateko”; hala ere, uste du beste alderdi batzuk ere “biolentzia ezberdinetan izan dituzten erantzukizunak aitortu” behar dituztela. Migrazioaz ere hitz egin du San Vicentek, eta dio Euskal Herrian “lan eta bizi” den oro euskal herritarra dela, eta “eskubidedun” pertsonak izan behar dutela. Faxismoaren gorakada ere izan du hizpide, eta nabarmendu du “oraingoz oso anekdotikoa” dela alderdi faxisten presentzia Euskal Herriko instituzioetan. Hala ere, dio beste kontu bat dela balio horiek jendartean duten presentzia: “Gauza bat da alderdi faxistek instituzioetan duten indarra, eta beste gauza bat balio faxista horiek zein puntutaraino hedatzen ari diren euskal jendartean, eta kontuz ibili behar dugu”. Zentzu horretan, azpimarratu du faxismoari “aurre egin” behar zaiola, eta “kalean balio horien eztabaida ideologikoa” egin behar dela. Aurrekontuen negoziazioak ere izan ditu hizpide, eta adierazi du aurrekontuak ez direla “zenbaki hutsak, erabaki politikoak” baizik: “Eztabaida ez da diru gehiago zein partidetara bideratuko den, zein neurri estruktural hartu behar diren etxebizitzaren alorrean, garraioaren alorrean, zerbitzu publikoetan edota zaintzaren alorrean benetan zerbitzu horiek eraginkorrak izan daitezen". Horri horrela dio, dio bi ereduren “talka” dagoela, eta “etengabe ukatzen ari direla aberastasunaren banaketan oinarritutako zerga erreforma sakona”. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.