2022 AZA. 15 - 14:29h Asier Etxenike: "A eta B ereduek ez dute euskarazko B2 gaitasunik bermatzen" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Asier Etxenike Hezkuntza plazara ekimeneko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Etxenikek azpimarratu du hezkuntza sisteman “trantsizioa” egiteko markoan kokatzen dutela Hezkuntza Lege berria, eta nabarmendu du Hezkuntza Itunaren balorazio “positiboa” egin zutela oro har, akordio horrek “margotzen zuelako aurrera egiteko oinarria”. Hala ere, uste du Eusko Jaurlaritzak irailean aurkeztutako Lege Zirriborroan “jausi” egiten direla Hezkuntza Itunean jasotako hainbat puntu: “Indefinizio maila handitu egin da, eta are, zehaztuta zeuden gauza batzuk desagertu egin dira”. Zentzu horretan, uste du “akordioaren logikarekin” bat datozela zenbait puntu, baina beste batzuk ez, eta gehitu du “oinarrizko elementuak” bermatzeko lan handia dagoela egiteko oraindik: “Hezkuntza Ituna Lakuaren proposamen bat da, Hezkuntza Itunaren beren interpretazioa, baina ez da lau alderdien artean adostutako edo landutako lege zirriborro bat”. Zentzu horretan, uste du ikasturte hau “gakoa” izango dela akordioan adostutako “elementuak, kontrol mekanismoak, helburuak edota baliabideak zehazteko”. Horretarako, uste du “giltza” izango direla “presioa egiteko gaitasuna eta beste alderdi politikoen arteko negoziazioak”. Hezkuntza Itunak jaso du ikasle guztiek euskarazko B2 gaitasuna izan behar dutela Derrigorrezko Bigaren Hezkuntza amaitzean, eta uste du hori finkatzea badela “urratsa”, “azken 20 urteetan ikusi delako A eta B ereduek, eta batzuetan ezta D ereduak ere, ez dutela hori bermatzeko gaitasunik”. Hala ere, nabarmendu du legeak jaso behar duela hori lortzeko zein baliabide eta tresna jarriko diren martxan, eta “kezkagarritzat” jo ditu “akordiotik lege zirriborrora egin diren aldaketa batzuk”. Era berean, nabarmendu du euskal curriculuma ez dela legean aipatzen, eta legeak ere ez duela kontutan hartzen: “Euskalduntzeaz hitz egiten dugunean, hizkuntzaren jabekuntzaz eta gure inguru sozial eta kulturalaren jabekuntzaz ari gara, eta uste dugu erabilera bermatzeko erreferentziak eta euskararekin gozatzeko elementuak eskaini behar direla, hizkuntzaren ezagutzaz eta erabilerarako esparruak emateaz gain. Kultur transmisioaren eremuan, hezkuntza zutabeetako bat da”. Segregazioari aurre egiteko neurri “zehatzak” eta “errealak” hartu behar direla dio, eta hezkuntza komunitateak “elkarlanean” aritu behar duela azpimarratu du. Era berean, dio “tradizio ezberdinetatik datozen sare edo ikastetxeen elementu positiboenak hartu eta konpartitu” egin behar direla. Hori horrela, zehaztu du “euskalduntzea, doakotasuna eta laikotasuna bermatzen diren ikastetxeen arteko elkarlana indartu behar dela ikusteko zein bide egin daitekeen”. Etxenikek azpimarratu du legearen onarpenak EAJ eta PSE-EEtik harago joan behar duela: “Lege hau aurrekoaren erreplika bat baldin bada iraupenari dagokionez, beste 20-30 urtez iraungo duen lege bati buruz ari gara, eta ez du balio egungo gehiengo koiunturalarekin aurrera ateratzea; zabalagoa izan behar du”. Zentzu horretan, bi epealdi markatu ditu: bata, urtarrilera bitarte eragileek egingo dituzten ekarpenak, eta bestea Legebiltzarrean lege aurreproiektu hori aurkeztean abiatuko den fasea: “Presioa egitea garrantzitsua izango da edozein delarik ere Legebiltzarrera eramaten den testua, alderdien arteko negoziaketak egongo direlako eta presioaren eraginez ere erabakiak norabide ezberdinetan joango direlako”. Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.