HAMAIKA

Bea Sever: "Gobernu akordioan adostutako trans legearen proiektua bertan behera gelditu zen"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Bea Server Naizen elkarteko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du “harriduraz” ikusi dutela Espainiako Estatuan zer nolako iskanbila sortu duen trans legearen egitasmoak: “Ez da trans lege bat; gobernu akordioa ez zen bete, eta trans legearen proiektua bertan behera gelditu zen hasiera hasieratik. LGTBI legean sartu ziren transexualitateari buruzko puntu gutxi batzuk, baina oso aldaketa gutxi aurreikusten dira, gauza gehienek baztertu egin zirelako”. Horrez gain, gehitu du aldaketa politikoak ez direla nahikoak, eta lan gehiago egin behar dela sexu heziketan.

Serverrek zehaztu du lege horrek “atzerapausoa” dakarrela adin txikikoentzat: “Hezkuntzaren, gizartearen edota osasunaren arloan guk gure eskuduntzak ditugu. Madrilen menpe geratzen zaiguna arautu gabe gelditzen da, baina adin gabekoen kasuan, erregistroa soilik gelditzen da Madrilen menpe”. Hala ere, dio lege horri buruz egin diren hainbat interpretazioek ahalbidetu dutela izen eta sexu aldaketa egitea 4 urtetik aurrera Nafarroan, eta 12 urtetik aurrera, EAEn”. Serverrek salatu du lege hori onartzen bada, 14 urtetik aurrera egin ahal izango dutela hori, eta PSOEren emendakina onartuz gero, 16 urtera arte itxaron beharko luketela: “Ez litzateke interpretaziorako aukerarik egongo, eta guretzat onartezina da”.

Adin nagusikoen kasuan ere “atzerapausoa” ekarriko luke lege horrek: “OMEk ere dagoeneko esan du transexualitatea ez dela gaixotasuna, eta, hala ere, txosten psikiatrikoa egin beharko lukete, eta hormonatzera beharko lituzkete gutxienez bi urtez”. “Anakronikotzat” jo du hori 2022. urtean.

Zentzu horretan, Serverrek salatu du hainbat komunikabidek “ahotsa eman” diela transexualitatearen aurkako mezuei “adierazpen askatasunaren izenean”: “Ez ditugu homosexualitatearen aurkako edota arrazakeriaren aldekoa mezuak onartzen, baina ezjakintasun handia dago, eta horrek bide ematen die horrelako gezurrei”. Hori horrela, aldarrikatu du irakasleak formatu behar direla, eta hezkuntza curriculumean landu behar dela gaia.

Serverrek azaldu du Espainiako Estatuko hamahiru erkidegotan onartuta dagoela autodeterminazio eskubidea, besteak beste, EAEn eta Nafarroan, eta azpimarratu du horrek ez duela emakumeen desagerpena eragin.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.