HAMAIKA

Miren Elgarresta: "Bazen garaia gizonen aurrean interpelazio zuzen hori jartzeko"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Azaroaren 25erako martxan jarritako kanpaina izan du hizpide, eta nabarmendu du aurten gizonezkoengan jarri dutela fokua: “Gehiegitxo jartzen genuen fokua emakumearengan, biktimarengan, eta gizonei interpelazio zuzena egitea erabaki genuen”. Zentzu horretan, Elgarrestak azpimarratu du gizonek beste gizonak interpelatu behar dituztela.

Oraindik ere gizartean matxismoa “errotuta” dagoela dio Elgarrestak, nahiz eta azken urteetan aurrerapauso “nabarmenak” eman diren: “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren beharra agerian gelditu da, eta berdintasun politikak lehen lerrora ekartzeko momentua da”. Hori horrela, azpimarratu du instituzioek jarraitu behar dutela berdintasun politika gehiago bultzatzen eta gaia sozializatzen: “Arazo konplexua da, eta konplexutasun horretan, ekintza eta estrategia adimentsuak behar ditugu”. Horrez gain, dio indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoak direla prebentzio lana eta sentsibilizazioa.

Espainiako Kongresuan ‘Bai soilik da baietz’ legeak eragindako polemika izan du hizpide, eta azpimarratu du “politizaziotik kanpo” egon beharko lukeela gaiak, eta azpimarratu du “arazo tekniko judizial batengatik ezin dela lege osoa auzitan jarri”.

Maskulinitate berriak eraikitzea ezinbestekotzat jo du, eta dio “deseraiki” egin behar direla orain arteko eredu “desegokiak”.

Trans legea izan du hizpide, eta dio “birpentsatu” egin behar direla jarrera asko: “Bestelako genero identitateak dituzten pertsonek eskubide guztiak izan behar dituzte, eta zaindu egin behar ditugu”.