2022 ABEN. 05 - 13:33h Iñigo Hernando: "3.000 etxebizitzentzako argindarra bideratuko dugu Gorozibain" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Gorozibaiko instalazio fotovaltoikoaz hitz egin du, eta adierazi du 90.000 metro karratu dituela, 6 MWh-ko potentzia instalatzeko aukera emango duela eta horrek suposatzen duela 3.000 etxebizitzentzat argindarra bideratzea. Hernandok erronka nagusitzat jo du trantsizio energetikoa, eta zentzu horretan, Galdakaoko alkateak nabarmendu du udalek eskumenak eta baliabideak dituztela politika energetiko zehatzak martxan jartzeko: “Ezin gara geldirik egon, eta iniziatibarekin heldu behar diogu gaiari, arduraz eta erantzukizunez”. Era berean, gehitu du aldaketa klimatikoak sekulako garrantzia izango duela etorkizunean: “Herri kohesionatua irudikatzen dugu hemendik urte batzuetara, auzoak eta erdiguneak lotuko dituena. Galdakaoko eremua oso handia da, eta zentzu horretan, auzoa eta erdigunea lotzeko autobus elektriko bat jarri gura dugu martxan”. Horrez gain, aniztasun kulturalaren arloa ere estrategikotzat jo du. Aipatu du herriko hainbat eragilerekin parte hartze prozesu bat jarri dutela abian, eta azpimarratu du herritarrekin batera erabaki dutela etorkizunean zein Galdakao eraiki nahi duten. Legegintzaldi hau gogorra izan dela dio, eta azpimarratu du ez direla garai “errazak” izan; hala ere, azpimarratu du jendeak ikusi duela modu eraginkorrean eta erarik onenean kudeatzeko gai izan direla: “Herritarrek aldaketa eskatu ziguten, eta uste dut hori nabaria izan dela; hori egonkortzen jarraitu behar dugu”. Usansolo balizko desanexioa ere izan du hizpide: “Udal gobernura heldu ginenean argi genuen Usansoloko herritarren erabakia errespetatuko genuela, eta hori egin dugu: emandako hitza bete". Hori horrela, Hernandok azpimarratu du usansolotarrek badakitela “noiz eta norekin askatu duten urte luzeetako korapiloa”. Kultur arloari buruz ere mintzatu da, eta nabarmendu du Galdakao “erreferente” bilakatu dela arlo horretan: “Jauzi kualitatiboa eman dugu”. Elkarrizketa osorik hamaika.eus atarian.