2023 OTS. 08 - 14:02h Andrea Bartolo, AZET: "Pobreen aurkako gerra gertatzen ari da gizarte honetan" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Andrea Bartolo AZET sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bartoloren esanetan, “pobreen aurkako gerra” gertatzen ari da jendartean, eta nabarmendu du etxegabeen hilketak ez direla “saihestu ezin diren tragediak, sistema kapitalistak sortzen duen egoeraren ondorio” baizik: “Pobreen arteko gerra ez da politika zehatz batzuen emaitza; zerbait sistemikoa da eta gizarte hau aporofobikoa eta kriminalizatzea da”. Bartolok azpimarratu du etxebizitzaren arazoa konpontzeko etxebizitza “desmerkantilizatu” behar dela, eta “etxebizitzaren arazoak jarraituko duela sistema kapitalistak irauten duen bitartean, jabetza pribatua delako horren oinarria”. Bitartean, etxebizitzen parke publikoaren kopurua handitzea ontzat jo du, baina kuantitatiboki aldaketak egiteaz gain, kualitatiboki ere esku hartu behar dela dio, etxe horietara sartzeko baldintzak eta irizpideak “oso gogorrak” izaten direlako gehienetan. Arrazakeria “estrukturala” dela dio, eta azpimarratu du paperik ez duten pertsonen bizitzak “delikuententzat” jotzen direla. Zentzu horretan, etxebizitzaren arazoa “feminizatua” izateaz gain, “arrazismoak gurutzatzen” duela dio, eta konponbideak ere “izaera transbertsala eta estrukturala” izan behar duela azpimarratu du. Horren erakusle aipatu du Bilboko San Frantzisko auzoko errealitatea, esaterako; izan ere, salatu du “desalojo ilegal” ugari gertatzen dela auzo horretan, eta bertako “polarizazioa” ere nabarmendu du: “Alde batetik, pobrezia basatia ikusten dugu, eta bestalde funts putreak ikusten ditugu etxebizitzarekin negozioa egiten”. Egoera horren aurrean, etxebizitzaren arloko eragileez gain, arrazakeriaren aurkakoak edota auzo elkarteko kideak bildu direla dio. Horrez gain, aipatu du beste herri eta hiri batzuetako sindikatuekin ere harremanak dituztela, eta garrantzitsutzat jo du Euskal Herrian “etxebizitza eskubide unibertsalaren aldeko indar politikoa” sortzea. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.