2023 MAR. 27 - 13:23h ELA: "Sakabanaketaren amaiera albiste ona da, baina salbuespenezko legediak jarraitzen du" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Ostiralean iragarritako sakabanaketaren amaiera “albiste ona” dela azpimarratu du. Dena den, salatu du presoei “salbuespenezko legedia” aplikatzen zaiela oraindik. Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari gutxieneko soldata igotzeko egindako adierazpena “hutsala” izan dela nabarmendu du Lakuntzak, eta azpimarratu du Estatuari eskatu behar zaiola eskumen hori: “Halako adierazpenei behar ez duten propaganda ematen zaie”. Ildo horretatik, Lakuntzak azpimarratu du 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri beharko luketela enpresek, baina salatu du patronalaren jarrera “oso itxia” dela, eta are itxiagoa dela sektore feminizatuetan. Lakuntzaren esanetan, Escrivaren pentsio erreformak “murrizketak” dakartza, aurreko erreformetako neurri bakar bat ere ez du indargabetzen, eta alderdiei eskatu die ez dezatela “ezkutatu” erreformaren “zati ilun” hori: “50 urte baino gutxiago ditugunoi pentsioa murriztuko zaigu, 25etik 30era igotzen direlako kotizatu beharreko urteak, eta horrek jaitsi egingo ditu etorkizuneko pentsioak”. Horrez gain, Lakuntzak gehitu du pentsio publikoen gastu muga handitzen bada, murrizketak etor daitezkeela. Hori horrela, eredugarritzat jo ditu Frantziako Estatuko mobilizazioak, eta nabarmendu du agenda politikoa baldintzatzeko gai izan direla. Lakuntzaren esanetan, UGTk eta LABek Osasunbidarekin egindako akordioak ez du “konpromisorik” jasotzen, eta “autonomia sindikala” aldarrikatu du: “Oso albiste txarra da Osasunbideko akordioa, sindikatu batek babestu behar izan duelako akordio politiko hutsal bat". Mugimendu feministak iragarritako greba orokorra “begi onez” ikusten duela nabarmendu du, “zaintzen gaia agenda politikoan kokatzeko, eta zaintzaren sektorean lanean ari diren emakume langileen aldarrikapenak erdigunean jartzeko”. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.