2023 API. 18 - 13:30h Arkaitz Fullaondo, Ikuspegi: "Aniztasuna handitu egin da gure gizartean" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikertzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, Immigrazioaren Euskal Behatokiaren egindako azken ikerketaren ondorio nagusiak hizpide. Ikerketa horrek jaso duenez, aniztasuna handitu egin da euskal gizartean, eta migrazioa “ikusgarriagoa” da. Gehitu du estatu mailan “argi eta garbi” ikusten dela aniztasunarekiko “korronte erreakzionarioa”, eta nabarmendu du kolektiboak beren eskubideekiko kontzientzia handiagoa daukatela. Adierazi du ijito herriaren inguruko ikerketan baieztatu egin direla lehendik zituzten pertzepzio batzuk; hain zuzen, adierazi du euskal gizarteak estima handia duela ijito herriarekiko. Orokorrean, euskal gizartean arrazakeria eta xenofobia dagoela dio, baina azpimarratu du sentsibilitatea dagoela: “Onartzen dugu aniztasuna ona dela gizartearentzat. Horrek esan nahi du ez dagoela arazorik? Ez. Horrek erakusten du gai hau lantzeko aukera badagoela, sentsibilitatea dagoelako”. Horrez gain, nabarmendu du aniztasuna dimentsio pertsonalera eramaten denean ikusten dela ez dela hain gizarte irekia. Fullaondok azpimarratu du euskal alderdi politiko zein erakundeek ez dutela “aniztasunaren kontrako diskurtsorik”, eta ezinbestekotzat jo du hori, horrek beste eztabaida edo lanketa batzuetarako “markoa” ematen duelako. Nolanahi ere, dio migrazioaz asko hitz egiten dela erakundeetan, baina horietan ez dela “lehentasunezko elementua”. Horrez gain, Fullaondok adierazi du jatorri atzerritarreko populazioaren pobrezia tasa askoz ere altuagoa dela, lan prekarioenetan lan egiten dutelako, baina horrez gain, nabarmendu du egoera ekonomikoa edozein izanik ere, etorkinen %30a beti dagoela pobrezian: “Egiturazko pobrezia egoera da”. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.