HAMAIKA

Josu Erkoreka: "Gorroto delituak ezkutatuta zeuden gizartean"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Gorroto delituen inguruko ikerketa hizpide, Erkorekak azaldu du Ertzaintzak gorroto delituen salaketen inguruko datu guztiak biltzen dituela, eta Unibertsitatearen esku uzten dutela informazio hori, datu horiek aztertu ditzaten beren irizpide zientifikoekin.

Erkorekak azpimarratu du gorroto delituak lehen ere gertatzen zirela, baina ezkutuan zeudela, herritarrek delitutzat hartzen ez zituztelako, edo delitutzat hartzen zituztenek salatzen ez zituztelako. Hori horrela, Erkorekak nabarmendu du ikerketa horien helburua dela “ezkutuan” zegoen delitu hori azalaraztea. Ikerketa horien ondorioak hizpide, azpimarratu du gorroto delituak igoko zirela, baina dio gehien handitu dena herritarren sentsibilizazioa dela. Delituen erdia baino gehiagoren arrazoia xenofobia eta arrazakeria dela dio, eta horren atzetik datoz identitate edo orientazioarekin zerikusia dutenak. Erkorekak dio prebentzio neurriak hartu behar direla herritarren sentsibilizazioa handitzeko.

Uztailean ospatzekoa den Tourra ere izan du hizpide, eta nabarmendu du Ertzaintzak prestakuntza eta profesionaltasun handia duela horrelako lasterketak prestatzen. Erkorekak azpimarratu du Tourraren baldintzak askoz ere “exijenteagoak” direla, eta lasterketa igaro baino 4-5 ordu lehenago itxiko dituztela errepideak. Hori horrela, herritarren sentsibilizaziorako deia egin du: “Herritarrek planifikatu egin beharko dituzte egun horiek”.

Erkorekak nabarmendu du poliziaren jarreren aurkako salaketak badaudela, baina gutxi direla aurrera egiten dutenak: “Auziperatutako kasuetan aurrera egin dutenak %1,4 dira; gainontzeko kasu guztiak bertan behera gelditzen dira edo absolbitu egiten dituzte auziperatutakoak”.

Espainiako Gobernuak ERCrekin eta EH Bildurekin adostutako Etxebizitzaren Legeaz ere mintzatu da, eta azpimarratu du EAEk ere baduela bere legea, eta ikusiko dela ea Auzitegi Konstituzionalak zer esaten duen lege horri buruz.

Memoria historikoaren arloko webguneek eragindako polemikaz galdetuta, Erkorekak nabarmendu du Aranzadirekin gogoeta partekatu bat planteatu beharko dela Eusko Jaurlaritzaren printzipioetatik abiatuta, eta gehitu du biktimak ezin direla “parekatu”, ez eta euren artean “alderatu” ere, eta ezta “batak bestearen ordainean justifikatu” ere: “Memoria biktimaren inguruan egituratu behar da”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus.-en.