HAMAIKA

Ion Etxeberria, Ikerlan: "Enpresei euren produktuen zibersegurtasuna bermatzea da Orbiken lana"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Zibersegurtasunaren arloan beste urrats bat iragarri dute, eta Orbik tresna sortu dute, enpresei euren produktu elektronikoen zibersegurtasuna bermatzeko. Etxeberriaren esanetan, informazioa lapurtzea eta zerbitzuak gaizki funtzionaraztea dira gaur egun enpresek dituzten mehatxu nagusiak. Hori horrela, dio tresna horiek garatzea garrantzitsua dela, ez bakarrik merkatuan enpresaren kokapena sendotzeko, baita horrelako kasuek enpresen erreputazioan eragina izan dezaketelako ere.

Nazioarteko arauekin bat datorren segurtasun ziurtagiri bat ere eskainiko die fabrikatzaileei. Izan ere, Etxeberriak nabarmendu du hemendik 2-3 urtera derrigorrezkoa izango dela edozein produktu elektroniko sarera konektatzean zenbait arau betetzea. Hutsune hori betetzen ahalegindu dira Ikarlaneko ikertzaileak, eta Etxeberriak azaldu du Orbikek akreditutako laborategi bat izango duela atzean; mundu mailan zortzigarrena izango da, eta Europan, laugarrena.

Etxeberriak adierazi du adimen artifiziala “demokratizatzen” ari dela, eta edozein produktutan sartzen ari dela. Hori horrela, nabarmendu du enpresekin elkarlanean lanean ari direla lehiakorrak izan daitezen mundu mailan: “Gure bezero gehienak bertakoak dira, eta gure lana sektore horri erantzutea da, elektronika sektore garrantzitsua daukagulako gurean”. Hala ere, hemendik kanpora ere zerbitzuak eskaintzeko aukera izango dutela azpimarratu du.

Nabarmendu du sektorean erronka nagusia talentuarena dela, eta ohartarazi du gabezia nabarmena dela hainbat profiletan: ingeniaritza, matematikariak..."

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.