2023 API. 25 - 14:14h Mikel Mazkiaran: "Mentoretza proiektuak etorri berri diren pertsonei laguntzeko helburua du" https://www.hamaika.eus/bideo-saioak/gurean-gaur/elkarrizketak/mikel-mazkiaran-sos-arrazakeria-elkarrizketa-apirilak-25.html Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeria elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Elkarteak laugarren aldiz jarri du martxan Izan Harrera programa, pertsona errefuxiatuen eta migratzaileen eguneroko zailtasunei aurre egiten laguntzeko, eta beren arteko adiskidetasun harremana sortzeko. Mazkiaranek salatu du migratzaileentzako “sekulako oztopoa” dela Atzerritartasun Legea. Adierazi du herrialdera etorri berri diren pertsonek 3-4 urte egon behar dutela baimen bat lortu arte, eta zehaztu du horrek irregulartasun egoera dakarkiela. Bidasoako mugaren egoera ere izan du hizpide, eta nabarmendu du ez duela zentzurik Lapurdiren eta Gipuzkoaren artean jartzen dituzten kontrolek: “Migratzaileren batek Espainiako Estatutik Frantziara igaro nahi badu, barne muga bat gurutzatzen ari da. Zergatik dago kontrol bat barne muga horretan? Hori astakeria bat da; kontrol arrazista da eta oso ondorio gogorrak ditu, heriotzak eragiteraino". Mazkiaranek ohartarazi du Atzerritartasun Legearen beraren ondorioz migrazio fluxuak irregularrak izango direla: “Onartu ditzagun, eta eman diezaiegun erantzun bat”. Hori horrela, Mazkiaranek azpimarratu du migraziorako bide seguruak eraiki behar direla. Horrez gain, Mazkiaranek gehitu du migratzaileek egunero jasaten dutela diskriminazioa, eta nabarmendu du lan pedagogikoa egiteaz gain, tresna juridikoak behar direla horri aurre egiteko. Elkarrizketa osorik.