2023 API. 27 - 13:28h Bea Sever: "Gure familietan bizi izan duguna erakusten du '20.000 especies de abejas' filmak" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Bea Sever Naizen elkarteko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Sona eta fama handia izaten ari den ’20.000 especies de abejas’ filmaz hitz egiten hasi dugu solasaldia, eta pozik mintzo da: “Emaitzak merezi du, eta guk sentitzen dugu familietan bizi izan duguna ulertzeko eta ikusarazten duela”. Severrek ohartarazi du transexualitatearen gaian atzerapausoak gertatzen ari direla azken bi urteetan, eta hori horrela, nabarmendu du berebiziko garrantzia duela orain film hau zabaltzeak. Espainiako Gobernuaren LGTBIQ+ legea ere izan du hizpide, eta nabarmendu du “modu interesatuan” eman dutela “berez halako transzendentziarik” ez duen eztabaida: “Eztabaidaren oinarria da ea pertsona transek eskubideak izatea nahi dugun edo ez, Ze gizarte eredu eraiki nahi dugun”. Severrek azaldu du Espainiako Legeak aurrerapausoak dakartzala zenbait arlotan, hormonatzeko, 2 urteko osasun tratamendua hartzeko eta genero disforia azaltzen duen txosten psikiatrikoa entregatzeko betebeharra kentzen duelako. Kontrara, Serverrek salatu du Espainiako Gobernuaren legearen atzerapausoa dela 12 urtetik beherako haurrek erregistroan izena alda dezaketela, baina ez sexu aipamena, “baina neska bat Ane bada, Ane izango da, nahiz eta bere agirian beste gauza bat jarri”. Severrek ezinbestekotzat jo du gizartearen begirada islatzea, aniztasuna balio gisa ikustea: “Pertsona horiek izan badira, baina ikusi egin behar ditugu". Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.