2023 MAI. 02 - 13:31h Egoitz Etxebeste, Elhuyar: "Zuzendaritza partekatuaren aldeko apustua egin dugu" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Egoitz Etxebeste eta Ana Galarraga Elhuyar aldizkariko zuzendari berriak elkarrizketatu ditugu Hamaika Telebistan. Aitziber Agirre Ruiz de Arkauteren lekukoa hartu dute, eta, zuzendaritza partekatuaren aldeko apustua eginez, elkarrekin jardungo dute zuzendaritza lanetan. Nabarmendu dute Agirre Ruiz de Arkautek sekulako lana egin duela, paperaren gainbeherari eta diru laguntzen jaitsierari egin behar izan diolako aurre: “Eusko Jaurlaritzak irismenari garrantzia handia eman zion diru laguntzak banatzeko garaian, eta aldizkari espezializatu batek badaki mugatuta daukala bere publikoa”. Etxebestek azpimarratu du erakundeen aldetik baliabide gehiago behar dituztela horrelako proiektu batek bizirik jarrai dezan, eta, era berean, nabarmendu du proiektua belaunaldi berrietara iristea dela erronka. Bide horretan, ezinbestekotzat jo dituzte sare sozialak, besteak beste. Galarragak azpimarratu du Twitterrek “gertutasun” handia eskaini diela jendearen interesak neurtzeko, baina ohartarazi du ñabarduretarako leku gutxi dagoela bertan. Etxebestek nabarmendu du ikerketaren ezagutzaren eta produkzioaren arloan “maila gorenean” dagoela Euskal Herria, eta biek ala biek nabarmendu dute zientzia euskaraz egitea erronka baino pribilegioa dela. Galarragak ezinbestekotzat jo du herritar guztiek kultur zientifiko oinarrizkoa izatea gizarte heldu eta demokratikoa izateko. Elkarrizketa osorik hamaika.eus.