2023 MAI. 03 - 13:48h Arantza Fernandez de Garayalde: "Sistema duala betikotzen du Hezkuntza Lege proiektuak" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Arantza Fernandez de Garayalde Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, sistema duala “betikotzen” du Hezkuntza Legearen proiektuak, eta salatu du horrek hezkuntza publikoaren egoera txartuko duela. Fernandez de Garayaldek nabarmendu du sare pribatuaren interesak defendatzean “ezinbestean” egiten zaiola kalte hezkuntza publikoari: “Sare publikoaren aurkako eraso eta kontzientea da”, salatu du. Zentzu horretan, azpimarratu du segregazioaren aurka egiteko “abiapuntua” publikoaren alde egitea dela: “Publikoak bokazio unibertsala du, ikasle guztiak hartzekoa: aldiz, pribatuko patronal bakoitzak bere interesak ditu, eta beraiek ikasleak ez dira guztiak”. Hori horrela, gehitu du matrikulazio prozesuak “benetan” kontrolatu behar direla, eta ez dela esku hartu behar ondorioetan bakarrik: “Planifikazio zuzena behar da. Eskola plazak esleitzea administrazioaren zeregina da, eta hori ez dugu guk esaten, Bildarratzek esan du duela gutxi". Gehitu du hezkuntza pribatuaren eskaintza murriztu behar dela, interes partikularren gainetik egon behar duela interes komunak, eta hori kohesio soziala dela: “Ezin gara ezkutatu familien ustezko hautuen atzean, hezkuntza sistema diseinatzeari eta planifikatzeari uko egiteko”. Fernandez de Garayaldek nabarmendu du segregazioak eragin txarra duela euskalduntzean eta kulturaren transmisioan: “A eta B ereduen %72a sare pribatuan dago oinarrizko hezkuntza hartuta; %92a Haur hezkuntza aintzat hartuta. Lotura zuzena dago hor”. Horrez gain, nabarmendu du aurreproiektuak ez duela barne hartzen benetako neurririk ikasleen euskara ezagutza bermatzeko. Eskola publikoaren aldeko plataformako kideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak berak ere ez zuela espero Hezkuntza Legearen aurka horrenbeste jende kalera ateratzea, eta mobilizatzen jarraituko dutela nabarmendu du. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.