HAMAIKA

Itziar Murua, Zarauzko EH Bildu: "Udalaren eta herritarren arteko distantzia handiegia da"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Itziar Murua EH Bilduko Zarauzko alkategaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. “Ilusio” eta lanerako “gogo handiarekin” dagoela azpimarratu du: “Asko ikasi dut lau urte hauetan politikaz, udalaren funtzionamenduaz eta herriaz, eta lan talde zoragarria daukagu Zarauzko erronkei aurre egiteko".

Muruak gehitu du udalak eta herriak “aire berria” behar dutela, eta udalaren lehentasunak “berrikusi” beharko liratekeela: “Ikusi behar da norentzat eta norekin gobernatzen den, eta politika egiteko eta ulertzeko modua ere findu egin behar da, herritarrekiko hurbiltasun gehiagorekin eta enpatia gehiagorekin”: Zentzu horretan, herriarengandik “gertuago” eta “konektatuago” dagoen gobernantza eredua proposatzen dutela dio, “komunitarioa” eta “kooperatiboa”.

Muruak salatu du gaur egun “gazte eta ez hain gazteentzat ia ametsa” dela Zarautzen bizi proiektu bat eraikitzea, eta zentzu horretan, etxe berriak eraikitzeaz gain, alokairuzko etxeak ere eraiki behar direla azpimarratu du, besteak beste. Horrez gain, nabarmendu du eremu saturatu izendatuko dutela herria.

Zarautzen lau behar nagusi daudela azpimarratu du Muruak: etxebizitza, kultura, mugikortasuna eta ingurumena. Hirigintzari dagokionez, Muruak azpimarratu du Zarauzko bidegorrien sareak “atzera” egin duela azken urteetan, eta nabarmendu du Zarautzek “eredugarri” izan beharko lukeela arlo horretan. Gehitu du Zarautz bitan zatitzen duen trenbidearen irtenbidea lurperatzea dela.

Kultur arloa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du Santa Klarako komentua “kultur faktoria” izatea nahi dutela: “Santa Klarako komentua kulturaz gozatzeko gune izateaz gain, kultura dinamizatzeko eta sorkuntzarako espazioa izatea nahiko genuke". Horrez gain, Hegoalden beste kirolgune bat irekitzea proposatzen dute.

Muruak salatu du Zarauzko alkategaien arteko eztabaidan parte hartzeari uko egin diotela EAJk eta Podemos-Equok, eta gehitu du alderdi horietako kideez gain, PSE-EEko alkategaiak ere ez duela parte hartuko Hitzak proposatutako elkarrizketa digitalean.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.