HAMAIKA

Mireia Elkoroiribe, EAJ Durango: "Udal gobernua noraezean ikusi dugu lau urte hauetan"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJko alkategaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, Durangoko udal gobernuak “proiekturik gabe” gobernatu du azken legegintzaldian, eta “noraezean” jardun duela azpimarratu du.

Elkoroiribek adierazi duenez, udal gobernuak “alde batera” utzi ditu oposizioko kideak, eta salatu du ez dela izan “gobernu ireki eta demokratikoa”. Gehitu du lau urte hauetan ez dela “aldaketa handirik” izan Durangon, eta ezinbestekotzat jo du EAJk gobernatzea “Durangok aurrera egin dezan proiektu garrantzitsuekin”.

Durangoko EAJko alkategaiak azpimarratu du beren herri programak harrera “oso ona” izan duela, “herritarrekin batera” egin dutelako, eta nabarmendu du herriko bi osasun zentroak ospitale “berri eta bakar” batean barnebilduko dituztela, “modernoagoa” eta “irisgarriagoa” izango dena.

Adierazi du trenbideak utzitako lurretan, 10 metro garaieko etxebizitzak, 28 metro karratuko parkea eta “gaitasun handiko” osasun zentroa eraikiko dituztela. Azpimarratu du Durangaldeko “ekogarapen” gunea jarriko dutela martxan gazteen enplegua bultzatzeko, eta dio gazteen emantzipazioa bultzatzeko hainbat neurri jarriko dituztela martxan, hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera bideratzea, besteak beste.

 

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.