HAMAIKA

Nekane Artola: "Ilusioz eta arduraz heltzen diot erronkari"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Azpimarratu du “ilusioz” eta “arduraz” heldu diola erronkari, eta Koldo Tellituk egindako lana balioetsi du: “Koldok sekulako ekarpena egin du ikastolaren kooperatiba sortzen, euskalgintzarekin eta herri eragileekin aliantzak egiten, eta euskal curriculum-ean ardaztutako material propioa sortzen”.

Artolaren esanetan, Elkartea etengabe aritu da gizartearen aldaketetara eta beharretara “birformulatzen” eta “garaietara egokitzen”. Azpimarratu du Ikastolen Elkarteak “nazio mailako dinamika” garatu duela, “batez ere antolakuntzari dagokionez”, eta zentzu horretan, nabarmendu du proiektu amankomunak bultzatzen jarraitzea dagokiela, “Administrazioak eta sistemak beran ezartzen dituen oztopoei aurre eginez”.

Artolak azpimarratu du Hezkuntzak jendartea “ulertzeko” oinarriak ezartzen dituela, eta zentzu horretan, nabarmendu du Euskal Herriak dituen “herri erronka potoloei” aurre egiteko “konpromisoz” emango dituztela urratsak. Horretarako, ezinbestekotzat jo du eragileek “elkarrekin eta erantzukizunez” jokatzea.

Hezkuntza Legearen eztabaida izan du hizpide, eta nabarmendu du hezkuntza eremuan erabaki “ausartak” hartu behar direla euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko. Horrez gain, ezinbestekotzat jo du aisialdiaren eta hezkuntza ez formalaren eremuak euskaratzea, gazteek erreferente gehiago izan ditzaten.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.