2023 EKA. 28 - 13:34h Amagoia Mujika, Berria: "Ilusioz eta arduraz heldu diot erronkari" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Mujikak “ilusioz” eta “arduraz” heldu dio erronkari: "Garrantzitsuena atzetik daukagun taldea da; konfiantza handia daukat jendearengan". Martxelo Otamendik urte hauetan egindako ekarpena goretsi du Mujikak: “Martxelok jakintza handia du, eta oraindik ere jarraituko du herri honi ekarpen handia egiten". Mujikak nabarmendu du 20 urte hauetan “bilakaera handia” izan duela kazetaritzak zein gizarteak, eta dio horren parte sentitzen dela: “Guk guretik egindako kazetaritza ezinbestekoa da, mundua euskaratik eta Euskal Herrirako ulertzeko, begirada eta nortasun propioarekin". Mujikak azpimarratu du “aldi hau kontatzeko” aldaketa handiak egiten ari direla udazkenera begira: “Urrats handienak digitalizazioak egingo ditugu, eta lan egiteko modua aldatuko da. Egunero zerbait berezia eskainiko dugu, eta tarte berezia eskainiko diogu euskarari, feminismoari edota ingurumenari. Lurraldekako albisteek garrantzia handiagoa izango dute, eta podcasten bidez, albisteak entzuteko aukera izango da”. Hori guztia diseinu berri batekin lotuta egongo da: “Diseinu integrala izango da, eta aldaketak paperean zein digitalean ikusiko ditugu. Horrek funtzionamenduan ere aldaketa handiak ekarriko ditu; lan kolektibo baten emaitza izango da”. Mujikak nabarmendu du “oso komunitate sendoa” daukatela, “oso leiala”, eta hori indartzen jarraituko dutela datozen urteetan. Estilo Liburua BERRIAren “hanketako” bat dela dio, balio diela kazetaritza “eguneratzeko eta kontzeptu berriak sortzeko”. Kazetaritza ez dela aldatu nabarmendu du: “Euskarriak aldatu dira, baina gure funtzioa ez”. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.