2023 UZT. 12 - 13:12h Miren Elgarresta: "Lortu izan diren urratsak errotu eta sustraitu egin behar ditugu gizartean" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Elgarrestak nabarmendu du azken urteetan lortu diren urratsak “errotu” eta “sustraitu” egin behar direla gizartean. Zentzu horretan, azpimarratu du beren helburua dela gizarteak eraso sexisten aurrean “0 tolerantzia” izatea eta “gaitzespen irmoa” adieraztea. Bide horretan, ezinbestekotzat jo du hezkuntzan lan egitea: “Balioetan oinarritzen den koedukazio estrategia bat garatu behar dugu hezkuntza alorrean". Azken urteetan egindako lan horren fruituak ikusten ditu Elgarrestak, eta dio belaunaldi berriek “konfiantza” dutela jasaten dituzten erasoak “espazio publikora eramateko eta salatzeko”. Horrekin batera, ezinbestekotzat jo du gizonen parte hartze aktiboa: “Gizonei mezuak bidali behar dizkiegu beren jarrera desegokiak neutralizatzeko". 65 urtetik gorako emakumeek jasan duten indarkeria ere izan du hizpide. Adierazi du emakume horien “portzentaje handiak” ez duela “independentzia ekonomikorik ezagutu”, eta “normalizatu” egin dituztela “indarkeriazko” hainbat jarrera. Emakundek greba feminista orokorrean parte hartzeko deialdi zuzena egingo ez badu ere, azpimarratu du grebarekin bat egiten duten emakumeek izango dutela Emakunderen “akonpainamendua”. Izan ere, dio zaintza politikagintzaren “erdigunean” dagoen gaia dela, eta ezinbestekotzat jo du gai horri heltzea. Irungo alkateak alarde parekideari harrera egitea “guztiz positibotzat” jo du Elgarrestak, eta belaunaldi berrietan jarri du arreta: “Belaunaldi berria indartsu dator, eta alardearen auzian jauzi positibo bat espero dugu ahalik eta azkarren". Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.