2023 IRA. 21 - 13:28h Oiane Menika: "Guretzat oso garrantzitsua da prostituzioa indarkeria bortitza dela onartzea" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Oiane Menika Emargi elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Menikak pozgarritzat jo du Europar Batasunak onartzea prostituzioak giza eskubideak urratzen dituela: “Oso pozik gaude; guretzat oso garrantzitsua da onartzea prostituzioa indarkeria bortitza dela”. Menikak azpimarratu du gazteek ez dutela sexualitatearekin lotutako heziketarik, eta ezinbestekotzat jo du sexualitate berri bat aldarrikatzea: “Oraindik ere indarkeria handia dago sexualitatean, prostituzioarekin eta pornografiarekin lotuta. Pornografia da gazteen informazio iturri bakarra”. Horren ondorioz, Menikak dio plazerra indarkeriazko irudiekin lotzen dutela nerabeek, eta horrek eragina duela beren sexu harremanetan: “Neskak sumisiora jotzen dute, eta mutilak sekulako deskonexio emozionala izaten dute. Ondorioz, beren bikoteekin lortzen ez dutena lortzek prostituziora jotzen dute askok”. Menikaren esanetan, beren elkartearen helburua da emakumeentzat espazio seguru eta erresilientea sortzea, eta horretarako, proiektu integralak sortzen dituzte. Urte guztian lanketak egiten dituzte nerabeekin, gurasoekin zein irakasleekin. Izan ere, hutsunea ikusten dute gizarte hezitzaileen lanean: “Ikuspegi oso asistentzialista dute, eta ikuspegi feminista eman behar zaie gizarte zerbitzuei”. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.