2023 IRA. 25 - 13:18h Lander Martinez, Sumar: "Etsitako eta proiekturik gabeko PP bat ikusten ari gara" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Lander Martinez Sumareko Bizkaiko diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, “etsitutako eta proiekturik gabeko PP bat” azaldu zen atzo Madrilen egindako mobilizazioan, eta gehitu du “demokraziaren aurkakoa” dela “PPk esatea gobernu aurrerakoi bat osatzea hauteskunde iruzurra izango litzatekeela”. Martinezek azpimarratu du Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako indar politikoen arteko negoziazioak martxan daudela, eta ziurtzat jo du amnistiaren inguruko akordio bat lortuko dela: “Ez dakit ze forma juridiko hartuko duen, baina badago amnistia delako zerbait, tresna politikoa dena, lortzeko borondatea Kataluniako auzi politikoa konpontzeko edo aurrera egiteko; ez dago dudarik hor”. Martinezek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak erabaki behar duela zein estrategia hartuko duen Osakidetza indartzeko, eta salatu du Hezkuntza Lege proposamenak ez duela hezkuntza publikoa “erdigunean” jartzen, eta ez duela “mekanismorik jartzen segregazioari aurre egiteko”. Hori horrela, azpimarratu du publikoa defendatzen duen nehork ez lukeela Hezkuntza Legea babestuko: “Hainbat oinarriko akordio egin genuen, eta badirudi oso gutxienekoan geldituko dela. Aukera galdua da”. Trantsizio Ekologikorako Legea izan du hizpide, eta Martinezek nabarmendu du kontua ez dela legea onartzea soilik, eta lan handia egin behar dela etorkizuneko trantsizio bat egiteko oinarriak jartzeko; garrai publikoa, subiraultza energetikoa edota errepideen erabilera aipatu ditu, besteak beste. Martinezek ziurtzat jo du Sumar datorren urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko dela: “Aukera politikoen artean eztabaidatuko dugu beharrezkoa den formula edo proiektua euskal hauteskundeetara aurkezteko". Etorkizunera begira, trantsizio ekologikoa, klima larrialdiaren aurkako borroka, eta eskubide sozialen eta publikotasunaren defentsa jo ditu beren alderdiaren erronka nagusitzat. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.