2023 IRA. 26 - 13:37h Idurre Eskisabel: "Oldarraldi judizialak euskara bazterketarako elementu gisa erakusten digu" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du “Euskal Herrian euskararen normalizazioan aurrera egiteko bidea oztopatzen duen “kontrako haizea” ez datorrela PP eta Voxen eremutik”. Hain zuzen, nabarmendu du Ipar Euskal Herrian euskaral ez duela ofizialtasunik oraindik, Nafarroan zonifikazioa martxan dagoela, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan “oldarraldi judiziala” jasaten ari dela euskara, “aldaera politiko eta medikoarekin batera”. Hain zuzen, oldarraldi hori salatzeko azaroaren 4ako deitutako manifestazioaren leloa honakoa izango da: ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'. Euskararen, berdintasunaren eta kohesio sozialaren aldeko aldarri bat dela nabarmendu du Eskisabelek: “Erabat sinesten dugu hizkuntzen korapiloa askatuko badugu, eta gizarte kohesio egoki baterako pausoak emango baditugu, euskara eta euskararen normalizazioan aurrera egitea ezinbestekoa dela, nahiz eta euskara segregaziorako elementu gisa aurkeztu nahi duten”. Horrez gain, nabarmendu du “aurrera begira” jarri nahi dutela, euskara herritar “guztiena eta guztientzat” dela, eta azpimarratu du “balio demokratikoetan sinesten duen ororen egitekoa dela hizkuntza berdintasunaren alde egitea". Espainiako Kongresuan euskal ordezkariek euskaraz hitz egiteko aukera izateak hizkuntzari “prestigioa” ematen diola aitortu du, baina euskal alderdietako ordezkariei euskal lurraldeetako parlamentuetan euskaraz egiteko deia egin die: “Aitortza hori eremu sinbolikoan kokatzen dugu, eta uste dugu bestelako arazo batzuk, oldarraldi judiziala esaterako, determinanteagoak direla gure eguneroko bizitzarako”. Hezkuntza Lege proposamena “lausotzat” jo du, eta “euskarazko eredu orokortu inklusiboa” proposatu du: “Zaurgarritasun ekonomikoa asko aipatu da, eta zaurgarritasun soziolinguistikoa ere kontutan hartu behar da. Askotan, gainera, erabat lotuta daude bi kontu horiek, eta euskara gutxiago duenari euskara gehiago eman behar zaio”. Irteera profila markatzea ontzat jo du, baina uste du barne ebaluazio mekanismoez gain, kanpo ebaluazio mekanismoak ere beharrezkoak direla. Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.