HAMAIKA

Iker Casanova, EH Bildu: "EAJk fortuna handien zerga potentzialitatea desitxuratu du guztiz"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Iker Casanova Bizkaiko EH Bilduko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, EAJren fortuna handien gaineko zerga ereduak “zergaren potentzialitatea desitxuratu du guztiz, eta tresna antzu bihurtu du”. Hori horrela, azpimarratu du “erreforma fiskal sakona” behar dela, eta salatu du EAJ “sektore aberatsen menpe” dagoela: “Urkulluk Ayusoren dumping fiskala salatu du, baina gero, aukera dutenean gauza bera egiten dute eskala txikian”.

Casanovak ukatu egin du EH Bilduk eta sindikatuek gobernua desgastatzeko estrategia bat dutenik: “Urkulu erabat deskonektatuta dago herritarren errealitatetik. EAJk ez badu jendea entzuten, oso zaila da jendearen beharrei erantzutea”. Era berean, nabarmendu du EH Bilduk bat egiten duela mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen grebarekin.

Mecaner enpresako gatazka hizpide, nabarmendu du enpresak ez duela diru galerarik, baina multinazionalaren deslokalizazioaren ondoriozkoa dela: “Enpresa errentagarria da, baina horrelako enpresen helburua da gero eta etekin handiagoak lortzea”. Horri lotuta, azpimarratu du EH Bilduko kideak “bitartekaritza” lanetan ari direla instituzioekin eta eragileekin konponbide bat bilatzeko. Ertzaintzak anbulantzietako langileen aurka izandako jarrera hizpide, nabarmendu du “giza eskubideekiko eta langileen eskubideekiko errespetuzko jarrerak sartu behar direla Ertzaintzan".

Casanovaren esanetan, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak “kontinuismoaren bandera altxatu” dute Bizkaiko Foru Aldundian, eta nabarmendu du “lidergoa hartuko duen gobernu berri bat behar duela Bizkaiak”. Urdaibai Guggenheim proiektuari dagokionez, Casanovak nabarmendu du Busturialdeak “hausnarketa sakona” behar duela: “Busturialdeak apustu sozioekonomiko integrala behar du, eta elkarrizketa prozesu bat ekin behar da bertako eragileekin eta herritarrekin”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.