HAMAIKA

Igor Eizagirre, ELA: "Alderdiei eskatu diegu hemen erabakitzea zerbitzu publikoen baldintzak"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Igor Ezagirre zerbitzu publikoetako ELAko arduraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Eizagirrek azpimarratu du alderdi politikoei eskatu dietela “Madrilgo betoa altxa” dezatela, eta “zerbitzu publikoen enplegua, soldata eta lan baldintzak hemen erabakitzeko ahalmena”. Zentzu horretan, salatu du “azken urteetan, EAJren eta EH Bilduren bozekin onartu dela Madrilek erabakitzea gure zerbitzu publikoen beharrak”.

Eizagirrek salatu du hezkuntzan eta osasungintzan orain dela 10 urte baino inbertsio txikiagoa egiten dela, eta nabarmendu du osasungintzan eta hezkuntzan Europako batez bestekoaren inbertsioaren berdina egin behar duela Eusko Jaurlaritzak ere. Izan ere, ELAko eledunak nabarmendu du nahikoa aberastasun sortzen dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzu publiko duinak izateko.

Eizagirrek azpimarratu du “eredu aldaketa” beharrezkoa dela, eta ezinbestekotzat jo du lankidetza publiko-pribatuari ateak itxi eta publifikazioranzko urratsak ematea, langileek lan baldintza duinak bermatuz. Horrez gain, dio behin behineko langileak kontsolidatu behar direla; hori egin ezean, “pribatizaziorako atea” irekitzen delako.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.