HAMAIKA

Maddi Isasi, LAB: "Bizitza sostengatzeko emakumeek egiten dituzten lanak ikusarazteko greba da"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Maddi Isasi LABeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, datorren ostegunerako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorra hizpide.

Azken egunak “intentsoak” izaten ari direla adierazi du, baina sinetsita daudela erronka honek ekarriko duenean: “Euskal Herrian aitzindaria izango den greba historiko honen parte izateak dakarren ilusio eta motibazioarekin gaude".

Azpimarratu du konfluentzia prozesu bat izan dela greba horren planteamendua, eta saretzeko eta harremanak josteko egunak izan direla: “Prozesua bera ariketa pedagogiko handia izan da, zaintzaren dimentsio integrala ulertzeko eta barneratzeko ariketa". Zehaztu du lantokiak hustutzeko eguna izango dela, baina baita bizitza sostengatzeko emakumeek egiten dituzten lanak ikustarazteko, eta aktibaziorako eta agitaziorako eguna ere.

Gehitu du sindikalgintza feministari sekulako ekarpena egin diotela zaintza sektorean lan egiten ari diren emakume langileek, eta urte hauetan guztietako borroka sindikalak balioetsi ditu. Azaroaren 30ean erakundeak interpelatuko dituztela dio, eta nabarmendu du “urgentziazko eta esplotaziozko” egoerei erantzun behar dietela. Era berean, uste du gizonek ez zaintzeko “pribilegioa” dutela oraindik, eta salatu du eremu maskulinizatuetan oraindik ere gutxiengoa direla zaintza lanetarako lanaldi murrizketak hartzen dituzten gizonak. Horretarako, enpleguaren “berrantolaketa osoa” behar dela nabarmendu du.

Isasik azpimarratu du prozesu hau ez dela ostegunean hasiko eta ezta amaitu ere, eta ostiraletik aurrera ere, “ortzimuga” den zaintza sistema publiko komunitariorantz pausoak emateko lan egingo dutela nabarmendu du.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.