2023 ABEN. 12 - 18:35h Miren Zubizarreta, ELA: “Iraungi zen lan hitzarmenaren negoziaketa aldarrikatzen dugu” Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Miren Zubizarreta ELA sindikatuko kidearekin hitz egin dugu gizarte ekimeneko ikastetxeetako greba hizpide. Grebaren jarraipena “positiboa” dela deritzo: “Urrian egin genituen hiru greba egunen oso antzekoak dira jarraipen datuak, eta eskola batzuetan hobetu ere egin da”. Zubizarretaren esanetan, 2021eko abenduan iraungi zen lan hitzarmenaren negoziaketa aldarrikatu dute, eta nabarmendu du adostasuna posible izateko mahai gainean jarri beharko liratekeela edukiak. Hori horrela, honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: lan zama arintzeko neurriak, jaiotze tasaren eta matrikulazio tasaren jaitsieraren ondorioz lanpostuak eta enplegua mantentzeko neurriak eta sektore feminizatuen egoera hobetzeko neurriak. Zubizarretak azpimarratu du adostasunak lortzeko prestutasuna dutela, baina nabarmendu du horretarako proposamenek egon behar dutela mahai gainean. Salatu du “lekuz kanpo” daudela Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren adierazpenak, eta nabarmendu du Hezkuntza Sailaren ardura dela “gatazka bideratzea eta langile hauek baldintza duinak izatea”.