HAMAIKA

Guggenheim Urdaibai proiektua eskualdearekin "adosteko" eskatu dio EH Bilduk EAJari

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko proiektuaren inguruan bi urteko gogoeta zabaltzeko erabakia patronatuak hartu zuen pasa den abenduan. Horren esanetan, museoari buruzko erabakia patronatuarena da eta ez du zerikusirik aurten egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Zupiriak esan duenaren arabera, bi urteko "hausnarketa epea" baliatuko dute proiektuaren garapenean aurrera egiteko.

Hala ere, Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako bozeramaileak argi adierazi du bi urteko etenak ez diela balio: "Guggenheim Urdaibai Stop plataformak behar diren urrats guztiak emango ditu proiektua behin betiko bertan behera gelditu arte,  eta epaitegietako lana hasi besterik ez da egin".

Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaile Iker Casanovak galdegin dio EAJri bi urte hauek balia ditzala Guggenheim Urdaibai proiektuaren "luzapena" eskualdearekin "hitz egiteko" eta "adosteko", "banaketa dakarren egitasmo bati buruz" ari direla iritzita. Ildo horretatik, EH Bilduko eledunak adierazi du espero duela adierazpen horiek EAJren "zuzenketa bat" izatea, eta ez "marketin estrategia bat".