HAMAIKA

Egunotako kultur programa aurkeztu digu Irati Agirreazkuenagak

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Egunotako kultur programa azaldu digu Irati Agirreazkuenagak. Anne Rearick artistaren 'Gure bazterrak' argazki-liburua aurkeztuko dute ostegunean Donostian. Lan honetan, Rearickek 35 urteetan zehar Euskal Herrian eginiko argazkiak biltzen dira. Hurrengo egunean, azaroak 15, berriz, izen bereko erakusketaren irekiera izango da iluntzeko 19:00etan, Okendo Kultur Etxeko areto zaharrean. Bertan, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleek txalaparta joko dute.
1990ean, Anne Rearickek Estatu Batuetako ekialdeko kostaldea utzi eta urtebete eman zuen Ipar Euskal Herriko eguneroko bizitzari argazkiak ateratzen. Bertan, denbora gelditu egin dela ematen du. Horregatik, benetakotasun eta garbitasun uneak harrapatu nahi izan zituen argazkilariak.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Antzerkigintza Feminista Baterantz izeneko jardunaldia antolatu du Oiartzunen, ikuspegi feminista euskal antzerkian txertatzeari buruz hausnartzeko. Hitzordua hilaren 29an izango da Oiartzungo Landetxe Aretoan. Topaketak hainbat jarduera izango ditu, hala nola lan-saioak, bazkari partekatua eta ideiak eta esperientziak trukatzeko mahai-ingurua. Saioetako gaien artean, nabarmentzekoak dira antzerkiaren eremuan espazio feministak sortzea, profesionalen arteko sareak indartzea eta kultura-politikak eta inklusioa euskal antzerkigintzan.

Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen Jaialdia azaroaren 16an abiatuko da Bilbon. Laugarren edizio honetan, misterioa, antzerkia, dantza, itzalen laborategia, clownak, zirkua eta kontzertuak eskainiko dira 2025eko ekainera bitartean. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak adierazi duenez, “ekitaldi bakoitzak kultura modu parte-hartzailean bizitzera gonbidatzen gaitu, ikuspegi berri eta aberasgarri batetik. MusEkintzaren bidez, museoak beste era batera erakutsi nahi ditugu, eta, aldi berean, Bizkaian arte eszenikoen arloan dagoen aniztasunaren erakusleihoa bihurtu”.