HAMAIKA

130 euskal kulturgilek babesa eman diete Gaztea eta EITB Musikako langileei

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


130 euskal kulturgilek babesa eman diete Gaztea eta EITB Musikako langileei euren lan egoera salatu dutenean. Ostegun honetan ospatzekoak ziren Gaztea Sariak ekitaldi egunean, greba deitu zuten langileek. Horren berri eman zuten asteazkenean. Hala ere, egun horretan bertan greba ezerezean utzi zuten zuzendaritzak sariak ez zirela ospatuko erabaki baitzuen. Salatu dutenez, EITBk nahiago izan du sariak bertan behera utzi eurekin eseri eta akordio batera iritsi beharrean. Gaineratu dute, ez duela inolako oharrik zabaldu ekitaldia ez dela egingo adierazteko.

Honen guztiaren aurrean eta euren egoera alda dadila exijitzeko, langileek euskal kulturgileen sinadura bilketa abiatu dute. Besteak beste, sinatzaileen artean ETS, Sune, Bengo, Olatz Salvador, Zea Mays eta Fermin Muguruza daude. Langileek Hamaika Telebistari adierazi diote orain arte lortutakoarekin pozik eta harrituta daudela, izan ere, jaso duten babesa ia erabatekoa izan baita. Hala ere, esandakoaren arabera, badakite ezingo dutela hau luzaroan mantendu. Momentu honetan, langileak esperoan daude, jakin nahi dute zuzendaritzak haiekin hitz egingo duen. Gainera, sortutako zaratak eragina izan duela diote, langileek jasotakoaren arabera gaia goi esferetara, Eusko Jaurlaritzara, heldu baita.


Bestalde, Hamaikak jakin izan duenaren arabera, hainbat artistek Gaztea eta EITB Musikako langileei jakinarazi diete euren ibilbidean zehar, euskal ekoizpenak izanik, ez dutela emisora honen, Gaztearen, babesik sentitu. Aurrerantzean zeintzuk izango diren emango dituzten urratsak erabaki ez duten arren, argi dute borrokatzen jarraituko dutela, zarata sartzen, eta zuzendaritzak emandako erantzunaren arabera iragarriko dituztela mobilizazio gehiago. Aspalditik daude langileak baldintza hobeak eskatzen.

EITBri egiten dioten eskakizuna, euren lanak merezi duen errekonozimendua izatea da, horretarako ezinbestekotzat jotzen dute enpresako gainerako lankideekin parekatzea, bai soldatetan baita egiten duten lanaren aitortzan. Zuzendaritzak emandako erantzuna, langile bakoitzaren kategoria eta ardurak berrikusiko duela izan da, baina 21 hilabeteko epean.