2025 API. 22 - 13:30h Ziklo politikoari "gaztetasunetik erantzuteko" indar gehiagorekin amaitu du Ernaik Topagunea Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Milaka gazte independentista batu ditu Gazteon Eskutik Topaguneak Berriozarren. Lau egunetan zehar hitzaldi, solasaldi, tailer eta bestelako eskaintzak egin dituzte, Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politikoari gaztetasunetik erantzuteko tresnak eskuratzeko helburuarekin. Antolakuntzatik, egunen balorazio positiboa egin dute, azaldu dute jendearen parte hartzea oso aktiboa izan dela, eta osotara 3.000 inguru izan direla. . Aurrera begira, lanean jarraitzeko deia zabaldu dute. Indar gehiagorekin daudela azpimarratu dute eta gazteria independentista borrokaren lekukoa hartzeko prest dagoela. Larunbatean egindako ekitaldi politikoan, Ernaiko eledun Amaiur Egurrolak nabarmendu zuen «nazio bulkada berri bat» abiarazi asmo dutela, eta gazteak norabide horretan saretzeko deia egin zuen. Era berean, espazio seguruak sortzeko egin duten lana ere aipatu nahi izan dute. Azaldu dute «espazioen errotiko feministatze bat» emateko lan egin dutela, eta hala jardun dutela ekinaldiaren antolaketa prozesuan ere. Gainera, aurtengo ekitaldian, protokolo feminista soilik ez, protokolo antirrazista ere izan dute. Adierazi dutenez, lehen pauso bat izan da, eta aurrera begira afera horretan sakontzeko prest azaldu dira.