HAMAIKA

Laudio uholdeetatik babesteko lanak amaitu dira

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Laudioko hirigunea uholdeetatik babesteko obrak amaitu dituzte. Uraren Euskal Agentziak egindako lan hauek 24 hilabete iraun eta 4,2 milioi euroko inbertsioa behar izan dute. Obrek, batik bat, Nerbioiko sekzio hidraulikoaren handitzea izan dute helburu, horretarako harrizko ohantzea zulatu behar izan da eta ertzak egokitu. Egindako lanei esker, uholdeen emariak ohiko ibilguan jasoko dira. Obrak bisitatzera hurbildu dira, besteak beste, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta
Jasangarritasun sailburua, Josu Bilbao Ingurumen Sailburuordea, Asier Lopez Etxebarria Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Ainize Gastaka, Laudioko alkatea. Gastakak azpimarratu du, lanek “etorkizun handia” ekarriko diotela herriari, gogora ekarriz Laudio herria Nerbioi ibairen inguruan eraikia dagoela eta horrek herrigunean natur txoko batez gozatzeko aukera ematen duela. Izan ere, eurite handiak egon diren guztietan Nerbioi ibaiak gainezka egin eta herriguneko hainbat toki
urpetu egiten ditu. Hain zuzen, 1983ko abuztuan ibaiak gainezka egin eta udalerrian ezagutzen diren hondamendi handienetako bat eragin zuen.


Hala ere, Araban, Nerbioi ibaia ez da eurite handiak daudenean arazoak eragiten dituen bakarra. Zadorra ibaia Gasteiz inguruko hainbat tokitan ere gainezka egin eta hauek urpetu ditu. Horren adibide argienetako bat da Abetxuko auzoa. Ibaiaren ertzek gainezka egin eta behin baino gehiagotan parkeak eta oinezkoentzako sarbideak kaltetu dituzte. Antzera gertatu izan da Asteguieta, Margarita, Yurre eta Villodasen, Zadorra ibaitik gertu gauden laborantza lurrak urak hartu izan dituela.
Arazoak saihesteko helburuarekin hainbat lan egin dira ibaiak hiritik eta inguruko eremuetatik igarotzean duen hustubide-ahalmena hobetzeko. Baias ibaitik gertu dauden Sarria eta Murgia herriek ere uholdeak bizi izan dituzte noizbait, horregatik ibaitik gertu dauden eremuak babesteko jarduketak egin dira. Uraren Euskal Agentziak aspaldi iragarri zuen 2022-2027 urte tartean 19,4 milioi euro inbertituko zituela uholdeak saihesteko. Aurrekontu horren barruan dagoeneko sartuta daude aurretik aipatutako Laudio eta Gasteiz inguruko eremuak babesteko lanak.