HAMAIKA

Gasteizko lorezainak greban jarraituko dute enpresarekin bildu ostean

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Enviser enpresako Gasteizko lorezainak greban jarraituko dute. Aste honetako asteazkenean udalarekin bildu ostean, ostegunean enpresarekin batzarra izan dute langileek. Enpresa batzordeak adierazi duenez, bilera espero zutena baino okerrago joan da eta ez da inolako aurrerapausorik eman. Euren baldintzak eta soldatak hobetzeko proposamenik ez dutela jaso salatu dute, hain zuzen 25 euro gordineko hobekuntza hilean baino ez dietela eskaini jakinarazi dute.
Beatriz Artolazabalek, asteazkeneko bileran adierazi zuen Enviser enpresak lan baldintzak hobetzen ez baditu udalak ez duela kontratua berrituko. Hala ere, hau, 2027ko abendura arte ez da amaituko. Maider Etxebarriak, bere aldetik, negoziazioa enpresaren eta langileen artekoa dela azpimarratu zuen, baina, greba lehenbailen konpontzea nahi duela.
Martxoaren 26an ekin zioten grebari lorezainek, honen helburua, lan hitzarmen propioa lortzea da. Izan ere, Enviser enpresa Gasteizko udalak azpikontratatutako enpresa da. Langileek salatu dutenez, urtean 10.000 euro kobratzen dituzte 100 ordu baino gehiago lan eginda. Greba hasi zenetik sei aste igaro dira eta dagoeneko nabaria da Gasteizko lorategi eta parkeetan, belarra kontrolik gabe hazten ari delako. Sindikatuek azaldu dute, greba gehiago luzatzekotan Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuetako parkeetan eragina izan dezakeela lanuzteak.