2025 MAI. 13 - 10:00h Bidarteko etxe bat okupatu du Aldak, 'itzulipurdi espekulatibo' bat salatzeko Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Astelehen arratsaldean Bidarteko etxe bat okupatu du Aldak, 'itzulipurdi espekulatibo' bat salatzeko. 1,6 milioi euroan erosi zuten etxe hori 2021ean eta orain, 2,9 milioi euroan salduko dute. Prezioen bat bateko gorakada hori salatu nahi izan dute ekintzarekin eta salmenta prezioak mugatu behar direla esan. Horretarako, indize bat jartzea proposatu dute, eraikuntza gastuan oinarrituko litzatekeena, salmenta batetik bestera prezioaren igoera neurrikoa izan dadin. Horrez gain, aurreko salmentaren prezioa jakinaraztea behartu nahiko lukete, erosleak bilakaeraren berri izan dezan.Fiskalitate neurriak ere proposatu dituzte, hala nola etxebizitzen salmentan izandako gainbalioa zergapetzea. Gaur egun, bigarren etxebizitzen kasuan baizik ez da hori egiten. Bost urte baino gutxiagoko epean saltzen diren etxebizitzekin abiatzea proposatu dute.Horrez gain, Aldak uste du tokiko erakundeek aukera izan beharko luketela gainbalioaren zati bat berreskuratzeko ere. Salmenta kudeatzen duen agentziako arduradunak haserre zenbaki okerrak dituztela adierazi du Haren arabera, 1,7 milioi baino gehiagoan eskuratu zuten etxebizitza, eta, egin dituzten obrak eta finantza arloko gastuak kontuan hartuta, milioi bat euro baino gehiago gastatu dute. Esan du irabazirik gabe saltzen dutela etxea.