HAMAIKA

Eneko Andueza: “Ditugun eskubide sozialek herria eraikitzen dute; hori da herria sortzea”

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia izan da Aktualitate Solasaldian, azken hilabeteotako gai esanguratsuenei buruz hizketan. Gernikako Estatutuaren erreformari, alderdi sozialistak EH Bildu eta EAJrekin duen harremanari, lanpostu publikoetako hizkuntza eskakizunei, atzerritarren araudi berriari eta etorkizuneko gobernu aukerei buruz mintzatu da, besteak beste.

Estatutuaren erreformari dagokionez, eskubide sozialak blindatzean oinarritzearen aldeko aldarria egin du. "Ditugun eskubide sozialak herria eraikitzen duten eskubide sozialak dira. Hori da herria sortzea eta ez beste gauza batzuk", adierazi du Anduezak. Erabakitzeko eskubidea eta proiektu independentistak momentuotan ez dutela babes sozial nahikoa ere esan du; "alderdi batzuen nortasunean dauden gauza batzuek hor segituko dute, baina uste dut kalean ez dela sumatzen halako eztabaidarik". Hala ere, dokumentu berrituan nazio aitortza gehitzearen aldeko agertu da: "Horri kasurik ez egiteak ez luke inongo zentzurik izango, jada onartuta dagoenez gero", berretsi du EAEko alderdi sozialistako buruak.