2025 MAI. 22 - 14:00h Durangoko Azokako Sormen Bekak komikigintzari emango dio aurten bultzada Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak zortzigarrenez abiarazi dute Sormen Beka DA! deialdia, euskarazko sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Aurten komiki proiektu bat izango da saritua, eta egileak 15.000 euroko diru-laguntza jasoko du bere lana garatzeko. Sormen Bekaren helburua da euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei espazio bat eskaintzea beren lana ezagutzera emateko. Parte hartu ahal izateko, sortzaileek 18 urtetik gorakoak izan behar dute eta, gehienez, bi lan argitaratu izana onartuko da. Aurtengo deialdian komiki generoari eskainiko zaio arreta berezia. Aurkeztu beharreko dokumentuen artean daude: komikiaren sinopsia, argumentuaren garapena, pertsonaia nagusien diseinua eta lanaren erakusgarri izango den ilustrazioen lagina: marraztutako eta amaitutako 6 orrialde. Hautaketa-prozesuan, lehenik, epaimahaiak lau edo bost proiektu finalista hautatuko ditu. Horiek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da eta lan irabazlearen berri 60. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da.Hautatuak urtebeteko epea izango du proposamena burutzeko eta 61. Durangoko Azokan (2026an) erakutsiko du emaitza.Sormen Bekak hainbat diziplina jorratu ditu azken zazpi urteetan: literatura, musika, ikus-entzunezkoak, bideojokoak eta arte eszenikoak, besteak beste. Proiektuak aurkezteko epea 2025eko irailaren 21ean, 18:00etan amaituko da. Hautagaitzak posta elektronikoz bidali behar dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Oinarriak eta dokumentu ereduak Durangoko Azokaren webgunean kontsulta daitezke: www.durangokoazoka.eus.