HAMAIKA

Espetxera joatea saihestuko dute presoen ongietorriak antolatzeagatik auzipetutako sei lagunek

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Preso ohien ongietorriak antolatzeagatik auzipetuta zeuden sei lagunek —Oihana Garmendia, Aimar Altuna, Oihana San Vicente, Carlos Saez de Egilaz, José Antonio López eta Felipe San Epifanio— akordioa sinatu dute fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin, eta horri esker espetxera joatea saihestuko dute. Hasiera batean fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen zuen haientzat.

Auzipetuek ontzat jo dute tratua, "Euskal Herriko konponbide prozesua blindatzeko" balio duelakoan.

Akordioaren arabera, auzipetuek bi urteko zigorra onartu dute. Zehazki, sei hilabeteko zigorra eta isuna adostu dute biktimen umiliazio eta terrorismoaren gorazarre delituagatik, eta urte eta erdiko espetxe-zigorra eta inhabilitazioa talde kriminal bateko kide izateagatik. Horrez gain, 1.800 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dute eta hainbat baldintza bete, espetxe-zigorra bertan behera uzteko. Ezingo dute biktimen duintasunaren aurkako ekintzetan parte hartu, Kalera Kalera egitasmoarekin lotutako komunikazio kanalak (webguneak eta sare sozialak) itxi beharko dituzte, Ongietorrien antolaketan erabilitako materiala konfiskatuko da eta 3 urtez inhabilitatuta egongo dira irakaskuntzarekin lotutako jardueretan.