HAMAIKA

Adingabeak dituzten bi familia kalean geratzeko arriskuan daude Gasteizen

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Gasteizko Auzoan Bizi etxebizitza sareak ezagutzera eman du adingabeak dituzten bi familia kalean gertatzeko arriskuan daudela. Azaldu dutenez, Udalaren eta gizarte zerbitzuen utzikeria dela eta daude familiak egoera horretan.

Bi adin txikiko dituen familietako bat duela urtebete baino gehiago pentsio batean bizi da, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak duen aldi baterako harrera-proiektu baten bitartez sartu zirenetik. Orain, harrera-proiektua eten eta pentsioak ez diela inolako irtenbiderik eman salatu dute, are gehiago, kaleratzeko prozesua abiatu duela.

Beste kasua, aurretiko inolako abisurik gabe, ekainaren 18an poliziak etxegabetu zuen familia batena da. Horren ostean, Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuak ostatu batean bost gau igarotzeko aukera eskaini zien, baina bakarrik adingabe eta guraso bat hartzeko proposamena egin zietela salatu du familiak.

Bi kasu hauek salatzeko agerraldia egin dute Gasteizen. Horretara batu dira ere Abendaño eta Federico Baraibar ikastetxeetako zenbait irakasle. Ohartarazi dute, adingabeak kaleratzeko mehatxupean egoteak eragin handia duela haien ikasketa prozesuan, eta argi utzi nahi izan dute etxebizitza eskubiderik gabe ez dagoela hezkuntza eskubiderik. Familiei euren babesa agertu eta instituzioei etxebizitza duin bat emateko deia luzatu diete.

Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldian azpimarratu du bi familia hauen kasua ez dela bakarra. Eta, Udalari eta gizarte zerbitzuei bi familientzako etxebizitza duinak, familiako kideak ez bereiztea, hutsik dauden etxe publikoak erabiltzea, gizarte zerbitzuen baliabideak handitzea eta gizarte langileen lan baldintzak hobetzea eskatu diete.